Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean egindako operazioan, Izaskun Lesaka Arguelles (Burlata, 37 urte) eta Joseba Iturbide Otxoteko (Lesaka, 35 urte) atzeman zituen urriaren 28an, igande goizaldean Macon-en, Lyondik 70 kilometrora. Dijongo polizia etxe batean eduki dituzte biak, eta gaur eramatekoak dituzte Parisera.
Espainiaren arabera, ETAko zuzendaritzako kidea da Lesaka. Armen eta lehergaien ardura ere bazuela adierazi du Barne Ministerioak.
Joseba Iturbide lesakarra 2008an Donibane Lohizunen atzeman, eta Espainiaratu egin zuten. 2010ean, Madrilgo atentatu saio bat zela kausa, epaitu, eta absolbitu egin zuten. Polizia iturriek diote hotel batean atxilotu dituztela, eta pistolak zeuzkatela.
Joseba Iturbideren askatasuna eskatuz elkarretaratzea egin zen igande arratsaldean Lesakako plazan, “Joseba askatu! Konponbide garaia da” goiburupean. Hurrengo batzar informatiboa azaroaren 1ean, ortzegun arratseko 20:00etan eginen da plazan.