Hotzari aurre eginez Lurraren Egun ederra ospatu zuten Beran

TTIPI TTAPA 2012ko urriaren 29a

Barazki ederrak ikusi ziren igandean Berako Lurraren Egunean. Aitor Arotzena

Berako Garmendikobordako Sokorro Almandozek irabazi zuen gazta lehiaketa eta Lesakako Lokarinbordako Imanol Lopezek sagardoarena

Gauean eta goizaldean bota zuen euriaren kezkarekin, oraindik ttantta batzuk erortzen zirela paratu zituzten lehenbiziko postuak igandean Beran, Lurraren Egunaren 26. edizioan. Bideoa ikusi. Halere, Gure Txokoak arriskatu egin zuen eta ez zituen eskulangileak kiroldegiko babesera eraman. Ongi atera zitzaion apustua, hotza bai, baina euririk ez baitzuen egin egun osoan. Ikusi argazkiak

Gauean eta goizaldean bota zuen euriaren kezkarekin, oraindik ttantta batzuk erortzen zirela paratu zituzten lehenbiziko postuak igandean Beran, Lurraren Egunaren 26. edizioan. Bideoa ikusi. Halere, Gure Txokoak arriskatu egin zuen eta ez zituen eskulangileak kiroldegiko babesera eraman. Ongi atera zitzaion apustua, hotza bai, baina euririk ez baitzuen egin egun osoan. Ikusi argazkiak

Goiz goizetik Altzateko karrikan barna hedatuak zeuden 70 eskulangileen postuez gain, Altzateko plazan bertze 26 bat postu paratu zituzten, elikadura produktuekin. Gainera, Illekuetarako zubia pasatuta, Merkatuko Plazan, bertze 30 bat postu zeuden, tartean, bertako betizuen haragiarekin egindako hanburgesak eskaintzen zituen Bettoka elkartearen postua.

Ricardo Baroja eskolan, berriz, baratzeko hainbertze produktu ikusgai zeuden. Honela, letxua, onddo, gaztaina eta ohiko produktuekin batera, bertze zenbait exotikoagoak ere topa zitezkeen, rivanoa edo chayotea, bertzeak bertze. Gainera, Asiako liztorraren kabiak ere ikusmina piztu zuen.

Bien bitartean, 26.Gazta lehiaketako eta 15. Sagardo lehiaketako epaimahaiak lanean ari ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.

Gazta lehiaketan 15 ale aurkeztu ziren eta horien artean, Berako Garmendikobordako Sokorro Almandozek irabazi zuen lehen saria, 220 euro eta Zalain jatetxean afaria. Bigarren saria, 100 euro, joan den urteko irabazleak eraman zuen, Arantzako Serorenbordako Margarita Madariagak.

Sagardo lehiaketara, berriz, 18 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, iaz bezala Lesakako Lokarinbordako Imanol Lopezek eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. 100 euroko igarren saria ere Lesakara joan zen, Aialdeko Alberto Otxotekok eskuratu baitzuen. Hirugarren postua, Berako Maleteneako Alejandro Altzugurenentzat izan zen.

Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen Irastortza ahizpen trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta akordeolari taldeek eta musika eskolako talde zeltiarrak. Ikastetxe ezberdinetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen. Ikastolan, Rosa Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, beratarrei buruzko 453 argazkire berezirekin. Azken hamarkada honetan egindako erakustetan 2.267 argazki erakutsi dituzte Errandonea anaiek, Rosak eta Totonok, eta horretaz gain, jendeak bere kopia etxera eramateko aukera eman dute.

Arratsaldean, Zirika Zirkus taldearen DantzJolasJaia ikuskizuna ikusgai izan zen eta Manolo Arozena eta Julen Zelaieta bertsolariak aritu ziren.

Bezperan, seigarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Hamahiru koadrilen artean, Kotte San Juanek, Imanol Erkiziak, Joseba Lasartek eta igor Telletxeak osatututakoak irabazi zuen lehen saria, 100 euro, garaikurra eta kaja bat ardo. Xanti Maia eta Ttarratto izan ziren bigarrenak eta Kazkabarrak taldekoak hirugarrenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun