XXVI. Lurraren Eguna urriaren 28an ospatuko da

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 26a

90 eskulangile baino gehiagok beraien produktuak erakutsiko dituzte azokan.

Bezperan Lizuniagako Igoera eta barazkiopil lehiaketa eginen dira

Gure Txokoa Elkarteak antolatutako egunean, 90 eskulangile inguru espero dituzte. Urteroko barazki, gazta eta sagardo lehiaketa ere eginen dira eta egun guztian zehar giro alaitzeko musikariak ibiliko dira karriketan barna. Bezperan ere ekitaldiak izanen dira, urriaren 27an, larunbatean eginen dute Lizuniagako Igoera eta horren ondotik, argazki erakusketa eta trikitilarien saioa eginen dituzte.

Kalean jendea harat eta honat, postuetako produktuak ikusi eta erosten eta besta giroa nagusi. Itxura hori artuko du igandean Berak, urriaren 28an ospatuko baita Lurraren Egunaren 26.edizioa. Gure Txokoa Elkarteak antolatutako egunean, 90 eskulangile inguru espero dituzte. Urteroko barazki, gazta eta sagardo lehiaketa ere eginen dira eta egun guztian zehar giro alaitzeko musikariak ibiliko dira karriketan barna. Bezperan ere ekitaldiak izanen dira, urriaren 27an, larunbatean eginen dute Lizuniagako Igoera eta horren ondotik, argazki erakusketa irekiko da eta trikitilariak ere izanen dira Altzateko plazan.

Lurraren eguna

Igande goizeko 09:00etan lehiaketarako barazkiak, gaztak eta sagardo botilak bilduko dira Ricardo Baroja eskolan. 10:00etatik aitzinera eskulangileen azoka eta barazki erakusketa zabalduko dira. 10:30ean Altzateko plazan txalaparta, zeltiar musika eta Irats trikitilariak adituko dira. 11:00etan Bortzirietako XXVI. Gasna lehiaketa abiatuko da eta Berako eskolako trikitilariak ibiliko dira karrikaz karrika. Gazta lehiaketako irabazleak 220 euroko saria eta oroigarria eramanen ditu, eta bigarrenak 100 euro. Gazta bakoitzaren truke 12 euro ordainduko dira. Eguerdian sagardo lehiaketaren hamabosgarren edizioa eginen da. Musika eskolako musikarien eta Bandaren karrikabuelta ere orduan hasiko. Sagardo lehiaketako irabazleak 200 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 100 eurokoa. Bi sagardo botilaren truke 6 euro ordainduko da. 16:00etan Altzateko plazan DantzJolasJaia eskainiko du Zirika Zirkus taldeak. 17:00etan Gure Txokoako dantzarien saioa, sari banaketa, enkantea, bertsolariak eta Trikidantz taldearekin dantzaldia izanen dira. Egun guzian musika, taloak, jaki eta edari dastatzeak izanen dira. Euria eginen balu, ekitaldiak Altzateko frontoian eta Toki Ona kiroldegian eginen dira.

Larunbatean argazkiak, kirola eta trikitilariak

Baina bezperan ere izanen dira ekitaldiak. Urriaren 27an, larunbatean, arratsaldeko 17:00etan Lizuniagako Igoeraren 32. edizioa jokatuko da. Beti bezala, 4,9 kilometroko ibilbidea izanen dute korrikalariek. Iaz bezala, denborak txiparekin hartuko dira eta izen emateak, Iamotenean egun berean ez ezik Internetez egiteko aukera bada, kirolprobak.com webgunean. Gure Txokoako bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek, 5 euro. 14 urtetik goitikoei zuzendutako lasterketa da. Aitzinetik, 16:00e­tan, haurren kro­sa eginen da. Gainerakoan, betiko ibilbidea izanen dute korrikalariek, 4,9 kilometrokoa Eztegara eta Lizuniagako kaxkoaren artean, %6,6ko banaz bertzeko maldarekin. 16 minutu eta 3 segunduko marka hobe­tzen duenarentzat 300 euroko saria izanen da. Lasterketa ondoren, luntxa eskainiko da eta zozketak eginen dira. Korrika edo korrikalariak animatzen aritu ondoren, atsedenerako tartea. 18:30ean, Rosa Erran­doneak prestatutako Baserriak argazki erakusketa zabalduko da Labiaga Ikastolan eta 19:00etan barazkiopil lehiaketaren seigarren edizioa jokatuko da. Irabazleak oroigarria, 100 euro eta ardo kaxa eramanen ditu saritzat eta bigarrenak ardo kaxa. Trikitilariak ere ariko dira Altzateko frontoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun