Urriaren 21ean, igandean ospatuko da Usategietako Igandea Etxalarren, Lizarieta inguruan baina baita plazan ere. Aurreikuspenek eguraldi kaxkarra iragartzen badute ere, Altxata elkarteak ostatua paratuko du goizean Lizarietan, eguraldi ederra izanez gero.
Arratsaldean berriz, urtero bezala frontoian izanen da ostatua baita bokatak eta opilak ere. Lehengo urtetan bezala, boletoak salgai izanen dira Andre Mari dantza taldeari laguntzeko. Sariak 12 uso bizirik, 2 lagunentzako otordua eta kanpin denda bat izanen dira. Arratsaldean 18:00etatik 21:30era dantzaldia izanen da plazan Gaubela taldearen eskutik. Bezperan, emakumeen afaria ere antolatu dute Herriko Ostatuan.
Eguraldiak bere eragina izanen du, dudarik gabe, baina Usategietara jende aunitz hurbiltzea espero da, sare bidezko uso ehiza sistrema tradizionala ikusteko asmoz. Eguraldi ona egiten badu, usazaleak sareak jarriko dituzte, urriaren 1etik azaroaren 20ra egiten ari diren bezala eta astebururo bezala ere, ehiza sistema hau hobeki ezagutu nahi duenak, bisita gidatua egiteko aukera ere izanen du. Bisitak, goizeko 9:00, 11:00 eta 13:00etan aterako dira usazaleen etxolatik eta bisita honetan interesatuta daudenek aldez aurretik 690 26 77 56 telefonora deitu beharko dute. Bisitek ordu bat inguru irauten dute eta azalpenak trepa baten azpitik egiten dira, honela, usoa etortzen bada, bertatik bertara ikusten baita ehiza prozesua eta bukaeran ehizari buruzko bideo bat ikusten da. Bisitaren prezioa, 4 eurokoa da pertsonako eta 10 lagunetik goitiko taldeentzat berriz 3 euro pertsonako.
18 dozena uso momentuz
Aurtengoan, 18 dozena uso harrapatuak dituzte sareetan orain arte (ortzegunerarteko datuak). Oraindik ez da uso kopuru handiegirik pasatu eta oraindik gehienak txolomak dira, baina pasatu denerako, nahiko sasoi ona izaten ari da. Harrapaketen datuak egunez egun ezagutu nahi dituenak, facebook-en bidez ere jarraitu ditzake, izan ere usategietako berriak bertan jartzen baitira