UEMAren inguruko azalpenak emanen dituzte Lesakako Herriko Etxean urriaren 19an

TTIPI TTAPA 2012ko urriaren 18a

Lesakarekin, Bortzirietako bortz herriak egonen dira UEMAn sarturik. 2009an Beran egin zen UEMA Eguna, argazkian ageri denez. Artxiboko argazkia

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzekotan da Lesaaka eta informazioa eskainiko dute ortziral arratsaldeko 20:00etatik aitzinera

Lesaka UEMAn sartzekotan da, eta arrazoi hori dela medio, komunikazio kanpaina abian du udalak, euskara batzordearekin elkarlanean. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen inguruan herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta kezkak eta ekarpenak jasotzeko jendaurreko aurkezpena edo batzar irekia izanen da urriaren 19an Lesakako herriko etxean, ortziral arratseko 20:00etatik aitzinera. Udalak herritarrak eta eragileak gonbidatzeko gutunak zabaldu ditu egunotan.

Lesaka UEMAn sartzekotan da, eta arrazoi hori dela medio, komunikazio kanpaina abian du udalak, euskara batzordearekin elkarlanean. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen inguruan herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta kezkak eta ekarpenak jasotzeko jendaurreko aurkezpena edo batzar irekia izanen da urriaren 19an Lesakako herriko etxean, ortziral arratseko 20:00etatik aitzinera. Udalak herritarrak eta eragileak gonbidatzeko gutunak zabaldu ditu egunotan.

Irailaren 24an aurkezpen bilerak egin zituzten herriko etxean, bata udal ordezkariekin, eta bertzea udal langileekin. UEMAko kide izatearen esanahia, horrek eskatzen dituen konpromisoak, eta euskarari eta herritarrei ekarriko dizkien onurak azaldu zituzten UEMAko ordezkari tekniko zein politikoek. Lehenagotik, Bortzirietako euskara teknikariak Lesakako udalean 2011n euskararen erabilerari buruz egin zen neurketaren emaitzak aurkeztu zituen. Ikerketa horretatik ondorioztatzen da badela lan aunitz egiteko euskararen erabilera areagotuko badugu, eta, horretarako, hizkuntza irizpide berriak beharko direla, baita udal langileen eta ordezkarien inplikazioa eta lidergoa ere. UEMAk egin beharreko bide horretan aholkularitza eta laguntza teknikoa eskainiko ditu, eta udalarekin zein euskara mankomunitatearekin koordinatuta eginen du lan. Orain, herritarrei informazioa emanen zaie.

“Lesaka herri euskalduna da, eta gainerako udal euskaldunekin elkartuta indar handiagoa egiten ahal dugu. Guk hauteskunde programan konpromiso hori hartu genuen. Orain UEMAn sartzeko prozesua abiatu dugu”. Peio Etxabide alkatearen eta Izaro Mitxelena zinegotziaren solasak dira. Herritarrek euskaraz bizitzeko aukera eta eskubidea bermatu bahi dituzte, “eta UEMAk horretarako tresnak eta laguntza eskaintzen dizkigu”. UEMAn sartzearekin, herritarrek euskararen aldeko neurri positiboak somatuko omen dituzte: “Euskararen presentzia eta euskara erabiltzeko bideak, batez ere udalarekin harremanetan, handitu eginen dira. Har­tzen diren neurriak mailakatuak izanen dira; ez dugu dena egun batetik bertzera eginen. Herritarrei ez die inolako kalterik edo eragozpenik eragingo: herritar guztien hizkunza eskubideak errespetatuko dira, baina euskaldunen euskaraz bizi­tzeko nahi eta eskubideari emanen diogu hauspoa, hori baita babes berezia eskatzen duena».

Lesaka UEMAn sartzen denean Bortzirietako herri guztiak izanen dira UEMAko kide eta horrek aukera emanen du lanketa berezia egiteko, Etxabide eta Mitxelenaren erranetan: “Bortzirietan euskaraz bizitzeko hautua egin dugu, eta eredu izaten ahal gara bertze herri eta eskualdeen­tzat. Bertzalde, Lesakako Udala UEMAn sartzeko urratsa nahiko naturala izan da, Bortzirietako gainerako udal guztiak baitira horren kide. Bortz herriek batera euskararen aldeko politikak abian ditugu aspaldi, eta UEMAko kide bezala, indar handiagoa eginen dugu Euskal Herri euskaldun baten bidean”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun