Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatu zen irailaren 29an, San Migel egunez Igantzin. Bortz lehiakide izan ziren, inoiz baino gehiago, baina Unai Bertiz sunbildarrak ez zuen ezustekorako tarterik utzi. Hiru harri erabili zituzten harrijasotzaileek bina minutuko txandetan eta hiruetan nagusi izan zen 27 urteko sunbildarra. Bosgarren txapela jantzi zuen Bertizek, 2008tik bera baita nagusi Nafarroan. 537 kilo terdiko aldea atera zion azpitxapeldun izan zen Josetxo Urrutia leitzarrari.
125 kiloko harri zilindrikoarekin hasi zen sailkapena argitzen. Lehenbiziko harri horrekin 22 jasoaldi egin zituen Unai Bertizek (2.750 kilo). Josetxo Urrutia leitzarrak 21 jasoaldi egin zituen (2.625 kilo). Xabier Ariztegi Santxin etxalartarrak 19 jasoaldi egin zituen (2.375 kilo). Txapelketan lehen aldiz parte hartzen zuen eta lehiakide gazteena zen Aitor Oiarbide, 19 urteko Etxarri-Aranaztarrak 16 jasoaldi egin zituen (2.000 kilo) eta beteranoenak, Aldazko Xabier Igoak 15 jasoaldi egin zituen (1.775 kilo).
Ondotik, 112 kilo terdiko kubikoarekin aritu ziren bortz harrijasotzaileak eta hemen ere Bertiz izan zen onena, 14 jasoaldirekin (1.575 kilo). Urrutiak eta Santxinek hamahiruna jasoaldi egin zituzten (1.462 kilo terdi), Oiarbidek 12 jasoaldi (1.350 kilo) eta Igoak 10 jasoaldi (1.125 kilo).
Hirugarren harriari, 100 kiloko bolari ekiterakoan nahiko garbi zeuden kontuak, baina bere lana borobildu egin zuen Bertizek, 18 jasoaldi eginez (1.800 kilo). Urrutiak eta Santxinek hamabosna egin zituzten (1.500 kilo) eta Oiarbidek eta Igoak hamabina (1.200 kilo).
Gauzak honela, Bertizek jantzi zuen txapela, 6.125 kilo jasota. Josetxo Urrutia bigarren izan zen, 5.587 kilo terdirekin eta Xabier Ariztegi Santxin hirugarren, 5.337 kilo terdirekin. Lourdes Ibarluzea Igantziko alkatearen eta Imanol Retegi kirol zinegotziaren eskutik jaso zituzten sariak. Aitor Oiarbide izan zen laugarrena 4.550 kilorekin eta Xabier Igoa bosgarren, 4.200 kilorekin.
Harrijasotze txapelketa ofizialarekin batera, Igantziko gazteek ohiko herri kirol saio ikusgarria eskaini zuten, taldeka proba konbinatu ezberdinak eginez.