Irain ikastetxe publikoan liburutegi berria inauguratu zuten urriaren 5ean. Eskola orduetan ekintza bereziak egin zituzten ikasleek (irakurketak, tailerrak, jokuak…) eta gero helduentzako inaugurazioa egin zen. Liburutegiaren inguruan, guraso eta irakasleen artean egindako proiektu bat da. Lourdes Mazizior zuzendariak aipatu digunez, «denok lan asko egin dugu, baina azpimarratzekoa da Maite Gaztelumendi ilustratzaileak egindako lana, berak marrazkiak egin ditu eta proiektua koordinatu du».
Liburutegia hiru eremutan banatu dute. Haur ttikien txokoan, irakurri, margotu eta marraztu dezakete; lanerako txokoan kontsultarako libururuak eta ordenagailuak dituzte, Internet konexioarekin; eta irakurketa txokoan, berriz, plazerrezko irakurketa egiteko liburuak, aldizkariak, komikiak, CDak, DVDak eta bertze irakurgaiak dituzte, bertan irakurri edo maileguan hartzeko. Horretarako ikasle bakoitzak liburutegiko karneta du.
Urriaren 8tik aitzinera berriz, liburutegia eskola orduetatik kanpo ere irekia dago eta irakurketarekin lotuak dauden ekintzak burutuko dira, bai ikasleentzat bai gurasoentzat (irakurketa txokoak, ipuin kontalariak, kamishibai, liburuaren astea, berrikuntzak, idazleak…) eta lanak egiteko aukera ere ematen du. Lourdes Mazizior zuzendariaren erranetan, «Irain eskola komunitatea ilusioz beterik hasi da erronka honetan eta proiektu honekin ikasleek zuten behar bati erantzuna eman nahi izan zaio».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!