Herriko Etxean hainbat lan egin dira eta azaroan udal bulegoak berriz bertan irekiko dira. Sotoan artxibo gela, langileentzako aldagelak eta dutxak, galdara… Beheko solairuan hiru bulego berri egin dira, batean epaitegia egonen da eta bertze biak erabilera desberdinetakoak izanen dira, aldika kanpotik etortzen diren bertze zerbitzuak emateko. Komunak eskalburuaren azpian antolatu dira. Lehenengo solairuan, berriz, orain arte bigarren solairuan zeuden bertze bulegoak (alkatetza, idazkaria, kontu hartzailea, administrazioa…), eguneroko artxiborako gela, bilera gela eta udal langileendako gelak egin dira. Izan ere, orain arte udal bilera eta komisioak pleno aretoan egin behar izaten zituzten.
Beraz, bigarren solairuan zeuden zerbitzu gehienak beheiti joan dira, baina alkateak gogorarazi duenez, «pleno aretoa hor gelditzen da, lehengoko egoera kaxkarrean. Ez dakigu noiz izanen dugun hori moldatzeko aukera, egungo egoera ekonomiko kaxkarrarekin jai dugu». Nafarroako Gobernuko inbertsioen planaren barrenean %80ko dirulaguntza jaso du Herriko Etxeak esleitutako preziotik, baina gastu erreala nabarmen goiti egin duela aipatu digu Marisol Tabernak eta «udalaren gain joan dira proiektua, obren zuzendaritza, altzariak…».