XXVI. Lurraren Eguna urriaren 28an ospatuko da

TTIPI-TTAPA 2012ko urriaren 16a

Bezperan Lizuniagako Igoera eta barazkiopil lehiaketa eginen dira

Aurten 26. edizioa  beteko du Lurraren Egunak Berak. Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, urriaren 28an ospatuko da, baina bezperan ere izanen dira ekitaldiak.
Urriaren 27an, larunbat arratsaldeko 17:00etan Lizuniagako Igoeraren 32. edizioa jokatuko da. Beti bezala, 4,9 kilometroko ibilbidea izanen dute korrikalariek, baina informazio zehatzagoa kirol orri­aldeetan topatuko duzue. 15:30ean ttikien lasterketa eginen da.
 
18:30ean, Rosa Erran­doneak prestatutako Baserriak argazki erakusketa zabalduko da Labiaga Ikastolan eta 19:00etan barazkiopil lehiaketaren seigarren edizioa jokatuko da. Irabazleak oroigarria, 100 euro eta ardo kaxa eramanen ditu saritzat eta bigarrenak ardo kaxa. Trikitilariak ere ariko dira Altzateko frontoian.
 
Urriaren 28an, igande goizeko 09:00etan lehiaketarako barazkiak, gaztak eta sagardo botilak bilduko dira Ricardo Baroja eskolan. 10:00etatik aitzinera eskulangileen azoka eta barazki erakusketa zabalduko dira. 90 eskulangile espero ditu Gure Txokoa elkarteak. 10:30ean Altzateko plazan txalaparta, zeltiar musika eta Irats trikitilariak adituko dira. 
 
GASNA ETA SAGARDO LEHIAKETAK
11:00etan Bortzirietako XXVI. Gasna lehiaketa abiatuko da eta Berako eskolako trikitilariak ibiliko dira karrikaz karrika. Gazta lehiaketako irabazleak 220 euroko saria eta oroigarria eramanen ditu, eta bigarrenak 100 euro. Gazta bakoitzaren truke 12 euro ordainduko dira. Eguerdian sagardo lehiaketaren hamabosgarren edizioa eginen da. Musika eskolako musikarien eta Bandaren karrikabuelta ere orduan hasiko. Sagardo lehiaketako irabazleak 200 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 100 eurokoa. Bi sagardo botilaren truke 6 euro ordainduko da.
 
16:00etan Altzateko plazan DantzJolasJaia eskainiko du Zirika Zirkus taldeak. 17:00etan Gure Txokoako dantzarien saioa, sari banaketa, enkantea, bertsolariak eta Trikidantz taldearekin dantzaldia izanen dira.
 
Egun guzian musika, taloak, jaki eta edari dastatzeak izanen dira. Euria eginen balu, ekitaldiak Altzateko frontoian eta Toki Ona kiroldegian eginen dira.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun