Espainiako Skeet Olinpiko txapelketa seigarren urtez irabazi du Itsaso Fagoaga lesakarrak urriaren 11 eta 12an Granadan. Emakumezkoek 75 plater tiratu zituzten 25 platereko 3 serietan banatuta eta horietatik 65 hautsi zituen. Honela, Espainiako txapeldun izateaz gain, aldi berean jokatu zen Iberoamerikako txapelketan bigarren izan zen lesakarra.
Txapelketa honetan Guatemala, Brasil, Argentina, Txile, Portugal, Venezuela, Bolivia, Colombia, Panama eta Peruko parte hartzaileak zeuden eta azken momentura arte lehia estua izan zuten. Gainera, azkeneko seriean makina bat puskatu eta pieza bat aldatu zuten eta pieza hori aldatzeak plateretako bat biziago ateratzea eragin zuen. Horrez gain, haizea atera zuen eta kanpoa zailagoa geratu zen. Halere, Itsaso Fagoagak bere mailari eutsi zion. Lehenengo postuan zen Melisa Gil argentinarrak, aldiz, bere emaitza jaitsi eta azkenean plater bakarragatik irabazi zion lesakarrari. Horrela, txapelketa honetako irabazle Argentinako Melisa Gil izan zen; bigarren, plater bakarrera, Itsaso Fagoaga gelditu zen eta hirugarren, Londoneko olinpiadetan zortzigarren izan zen Francisca Crovetto txiletarra. Itsaso Fagoaga hagitz kontent dago emaitzarekin, «batez ere azkeneko seriean kanpoa oso zaila zegoelako eta tiratzaile gehienek serie horretan maila jaitsi bazuten ere, nik nire mailari eutsi niolako». Gainera, olinpiar jokoetan zortzigarren izan zen bati irabaztea «niretzako satisfazio handia izan da eta txapelketa honetako emaitzak aurrera jarraitzeko eta gogor lan egiteko motibazioa eman dit», erran digu lesakarrak.
Bertzalde, Antonio Javier Fagoaga bere aitak ere Espainiako txapelketan parte hartu zuen eta zazpigarren gelditu zen, finalean sartzeko postu bakarrera.
Aurtengo denboraldia bukatu badu ere, ez du eskopetari deskantsu handirik emateko asmorik Itsaso Fagoagak, ehiza sasoian burubelarri murgildu baita.