Atez atekoa ezarri den tokietan, “herritarren arteko haserreak sortzen ari direla eta”, Hiri hondakinen bilketa sistema ezberdinei buruzko eztabaida eta herritarren partehartzea bultzatzeko akordioak hartzea eskatu dio Jose Luis Etxegarai, Lesakako PNVko zinegotziak udalari.
Urriaren 5eko udal batzarrean hartu zuen Lesakak atez ateko sistema ezartzeko erabakia, Bilduren aldeko botuekin. PNVk zera eskatu du, “Bilduren alde bakarreko erabaki honen aitzinean, herritarrak behar bezala informatzea, atea atekoari buruzko herri kontsulta egitea eta gero, kontsultaren emaitza onartzea”.
PNVko Etxegaraien ustez, “Bilduk Lesakako udaletxean duen gehiengo osoa nahikoa izan da, inolako eztabaidarik gabe, herritar guziei zuzenean eraginen dien hain erabaki garrantzitsua hartzeko”.
Atez atekoa ezarri den Gipuzkoako herrietan harrera “ez dela batera baketsua izan” dio PNVk, “eguneroko bizimoduko ohituretan aldaketa handia ekartzen duelako”.
Lesakako PNVren ustez, “familia bakoitzak zabor poltsak nahi duen orduan botatzeko askatasun indibiduala desagertuko da eta hondakin mota bakoitzerako estu-estu segitu behar den egutegiari egokitu beharko du, Lesakako karriketatik gaur egungo edukiontziak desagertuko baitira, beirarentzako iglu berdeak izan ezik”. Gainera, Etxegarairen arabera, “zabor organikoaren kasuan, gaur egungo plastikozko boltsen ordez, kubo marroiak zintzilikatuko dira, horrek Lesakan eraginen duen inpakto estetikoarekin”. Alde horretatik, “Lesakako estetikan eta hirigintzan eragin dezakeen edozein aldaketaren konpetentzia udalarena da eta ez mankomunitatearena”.
PNVren ustez, beraz, garrantzi honetako gaia ezin da modu honetan ezarro eta informazio gehiago ematea ahalbideratzeko, atez ateko sistema ezartzeko plana gibeleratzea eskatu du, honela, eredu honi eta alternatibei buruzko informazioa banatzeko eta datozen hilabeteetan, lesakarrak alde edo kontra dauden jakiteko herri kontsulta egiteko. Kontsulta horretan erabakitzen dena onartu beharko luke Lesakako Udalak.