Aldizkari hau esku artean duzuenerako Sanmigeletako bestondoa izanen badugu ere, besten aitzineko asteburuko kontuak izanen ditugu hizpide, hainbat ekitaldi antolatu baitziren.
Aurtengo berrikuntza ajoarriero lehiaketa izan zen. Lau plater aurkeztu ziren eta horien artean, Xeli Etxeberriak prestatutakoa izan zen irabazlea.
Bederatzigarren edizioa bete duen gazta lehiaketari dagokionez, 9 partehartzaile izan ziren. Lehenbiziko saria Francisca Apeztegia Tapiarentzat izan zen, bigarrena Elena Retegi Iturbiderentzat eta hirugarrena Mª Justa Sein Sansiñenarentzat. Igande eguerdian egin zen lehiaketa eta arratsaldean, Lesakako Trikitixa Taldeak bere jaialdia eskaini zuen bitartean, gazta horiekin batera sagardoa eta opilak doan dastatzeko aukera izan zen.
Meakaundiko zelaian, berriz, artzain zakur lehiaketaren 33. edizioa egin zen. Zortzi artzain eta bere zakurrak aritu ziren lehian eta Baztango Jose Mari Istilart izan zen garaile, Lagun zakurrarekin. Bigarren saria Ataungo Aitor Tatoren Argi zakurrak eskuratu zuen eta hirugarrena Oiartzungo Mikel Aizpurua eta Suker zakurrak. Hemen ere sarrera doan izan zen eta Lourdes Ibarluzea alkateak, Isma Iturbide zinegotziak eta Izaskun Goñi, Bertizko Partzuergoko kudeatzaileak banatu zituzten sariak. Artzain Eguna aprobetxatuz, Elkarrizan boluntario taldeak ere boluntarioak lortu eta bortz herrietan zabaltzeko kanpaina egin zuen.