Aste honetan, urriaren lehenetik uso ehiza denboraldia abiatu da. Irailaren 22tik hasi eta otsailaren bukaera bitarte, berriz, basurde ehizerako sasoian daude. Guztira 150 ehiztari inguru, goiti eta beheiti ibiliko dira hilabete hauetan: Bagatxar mendian 66 eta Ekaitzan 64 ehiztari. Basurdetan ibiltzen direnak 20 inguru lagun dira. Hala ere, bada zaletasuna oilagor ehizerako ere. Aurten, Usoa Ehiztarien Elkarteak Udalarekin kontratua berritu du eta ehiza plangintza berria eratu da hamar urtetarako. Elkarteko lehendakaria Xabi Zugarramurdi Alzuri da eta elkarteko batzordeak ehiza nagusia modalitate honetan Joxe Antonio Eizagirre arduradun gisa izendatu du. Gisa berean, urte osoan bezala, ehiza sasoian mendia zaintzea ezinbertzekoa da. Hori dela eta , abenduaren 15a baino lehen, ehiza barrutian dauden 101 ehiza postuen erabiltzaileek bakoitzak bere inguruak txukundu eta garbitu beharko dituzte. Hau egin ezean, 150 euroko isuna jarriko zaie.