Aitzineko alean eskolaren inguruko datuak eman genituen. Oraingo honetan ere, eskolatik ez gara aterako. Aste honetan, goiz arratsaldez hasi dira jangela zerbitzuarekin. Iaztik, jangela mantendu nahian, dirua biltzeko moduak bilatzen aritu da Guraso Elkartea (iazko Baserritarren eguneko ostatua, adibidez). Aurten ere, Gobernutik dirulaguntzetan murrizketak izan dira eta horren ondorioz irailean eta ekainean nahiz asteazkenetan, ikasturte guztian ez da jangelarik izanen.
Irailaren 3ko bileran guraso mordoxka bildu omen zen eta honako erabaki hau hartu zuten. Gisa berean, jangelaren prezioa hilabeteko hiru euro igotzea adostu zuten.
HIRU KIDE BERRI
Urtero bezala, Guraso Elkartean bi urtez aritu diren hiru gurasok elkartea utzi eta bertze hiruk erreleboa hartu diete. Maixe Oskoz, Jesus Mari Goizueta eta Pili Larretxeak elkarteko lanak utzi eta Amaia Telletxea, Rosa Maiz eta Idoia Etxeberria elkarteko kide hautatu dituzte. Hiru hauek iaztik elkartean dauden Mirian Errandonea, Amaia Apaolaza, Marian Larralde eta Maixux Etxeberriarekin taldea osatuko dute.