UEMAn sartzeko erabakia hartzekotan da Udala

Aitor AROTZENA 2012ko urriaren 4a

Urriaren 18 eta 19an jendaurreko aurkezpenek eginen dira

«Lesaka herri euskalduna da, eta gainerako udal euskaldunekin elkartuta indar handiagoa egiten ahal dugu. Guk hauteskunde programan konpromiso hori hartu genuen. Orain UEMAn sartzeko prozesua abiatu dugu». Peio Etxa­bide alkatearen eta Izaro Mitxelena zinegotziaren solasak dira. Herritarrek euskaraz bizitzeko aukera eta eskubidea bermatu bahi dituzte, «eta UEMAk ho­rretarako tresnak eta laguntza eskaintzen dizkigu». UEMAn sartzearekin, herritarrek euskararen aldeko neurri positiboak somatuko omen dituzte: «Euskararen presentzia eta euskara erabiltzeko bideak, batez ere udalarekin harremanetan, handitu eginen dira. Har­tzen diren neurriak mailakatuak izanen dira; ez dugu dena egun batetik bertzera eginen. He­rritarrei ez die inolako kalterik edo eragozpenik eragingo: he­rritar guztien hizkunza eskubideak errespetatuko dira, baina euskaldunen euskaraz bizi­tzeko nahi eta eskubideari emanen diogu hauspoa, hori baita babes berezia eska­tzen duena». 
 
Herritarrek izan di­tzaketen zalantzak argi­tzeko eta kezkak eta ekarpenak jasotzeko jendaurreko aurkezpenak eginen dira urriaren 18an eta 19an. 
 
Lesaka UEMAN sar­tzen denean Bortzirietako herri guztiak izanen dira UEMAko kide eta horrek aukera emanen du lanketa berezia egiteko, Etxabide eta Mitxelenaren erranetan: «Bortzirietan euskaraz bizitzeko hautua egin dugu, eta eredu izaten ahal gara bertze herri eta eskualdeen­tzat. Bertzalde, Lesakako Udala UEMAn sar­tzeko urratsa nahiko naturala izan da, Bortzirietako gainerako udal guztiak baitira horren kide. Bortz herriek batera euskararen aldeko politikak abian ditugu aspaldi, eta UEMAko kide bezala, indar handiagoa eginen dugu Euskal Herri euskaldun baten bidean». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun