Lesakako Irain ikastetxe publikoan liburutegi berria inauguratuko dute urriaren 5ean, ortziralean. Liburutegiaren inguruan, guraso eta irakasleen artean egindako proiektu bat da. Lourdes Mazizior zuzendariak aipatu digunez, «denok lan asko egin dugu, baina azpimarratzekoa da Maite Gaztelumendi ilustratzaileak egindako lana, berak marrazkiak egin ditu eta proiektoa koordinatu du».
Liburutegia hiru eremutan banatu dute. Haur ttikien txokoan, irakurri, margotu eta marraztu egin dezakete; lanerako txokoan kontsultarako libururuak eta ordenagailuak dituzte, Internet konexioarekin; eta irakurketa txokoan, berriz, plazerrezko irakurketa egiteko liburuak, aldizkariak, komikiak, CDak, DVDak eta bertze irakurgaiak dituzte, bertan irakurri edo maileguan hartzeko. Horretarako ikasle bakoitzak liburutegiko karneta du.
Aipatu bezala, liburutegiaren inaugurazio eguna urriaren 5a, ortzirala izanen da. Eskolako orduetan ikasleekin ekintza bereziak eginen dituzte: irakurketak, tailerrak, jokuak… Eta egun berean, 16:00etatik aitzinera helduentzat inaugurazioa eginen da.
Urriaren 8tik aitzinera berriz, liburutegia eskola orduetatik kanpo ere irekia egonen da eta irakurketarekin lotuak dauden ekintzak burutuko dira, bai ikasleentzat bai gurasoentzat (irakurketa txokoak, ipuin kontalariak, kamishibai, liburuaren astea, berrikuntzak, idazleak…) eta lanak egiteko aukera ere ematen du.
Lourdes Mazizior zuzendariaren erranetan, «Irain eskola komunitatea ilusioz beterik hasi da erronka honetan eta proiektu honekin ikasleek zuten behar bati erantzuna eman nahi izan zaio».