Unai Bertiz sunbildarrak bosgarren urtez irabazi du Nafarroako harrijasotze txapelketa

TTIPI TTAPA 2012ko urriaren 1a

Lan ederra egin zuen Bertizek eta hiru harriekin onena izan zen. Aitor Arotzena

Josetxo Urrutia leitzarra bigarren eta Santxin etxalartarra hirugarren izan ziren Igantzin irailaren 29an

Nafarroako harrijasotze txapelketa (ikusi bideoa) jokatu zen irailaren 29an, San Migel egunez Igantzin. Bortz lehiakide izan ziren, inoiz baino gehiago, baina Unai Bertiz sunbildarrak ez zuen ezustekorako tarterik utzi. Hiru harri erabili zituzten bina minutuko txandetan eta hiruetan nagusi izan zen 27 urteko sunbildarra. Bosgarren txapela jantzi zuen Bertizek, 2008tik bera baita nagusi Nafarroan. 537 kilo terdiko aldea atera zion Josetxo Urrutiari. Ikusi argazkiak

Nafarroako harrijasotze txapelketa (ikusi bideoa) jokatu zen irailaren 29an, San Migel egunez Igantzin. Bortz lehiakide izan ziren, inoiz baino gehiago, baina Unai Bertiz sunbildarrak ez zuen ezustekorako tarterik utzi. Hiru harri erabili zituzten bina minutuko txandetan eta hiruetan nagusi izan zen 27 urteko sunbildarra. Bosgarren txapela jantzi zuen Bertizek, 2008tik bera baita nagusi Nafarroan. 537 kilo terdiko aldea atera zion Josetxo Urrutiari. Ikusi argazkiak

125 kiloko harri zilindrikoarekin hasi zen sailkapena argitzen. Lehenbiziko harri horrekin 22 jasoaldi egin zituen Bertizek (2.750 kilo). Josetxo Urrutia leitzarrak 21 jasoaldi egin zituen (2.625 kilo). Xabier Ariztegi Santxin ettxalartarark 19 jasoaldi egin zituen (2.375 kilo). Txapelketan lehen aldiz parte hartzen zuen eta lehiakide gazteena zen Aitor Oiarbide, 19 urteko Etxarri-aranaztarrak 16 jasoaldi egin zituen (2.000 kilo) eta beteranoenak, Aldazko Xabier Igok 15 jasoaldi egin zituen (1.775 kilo).

Ondotik, 112 kilo terdiko kubikoarekin aritu ziren bortz harrijasotzaileak eta hemen ere Bertiz izan zen onena, 14 jasoaldirekin (1.575 kilo). Urrutiak eta Santxinek hamahiruna jasoald egin zituzten (1.462 kilo terdi), Oiarbidek 12 jasoaldi (1.350 kilo) eta Igoak 10 jasoaldi (1.125 kilo).

Hirugarren harriari, 100 kiloko bolari ekiterakoan nahiko garbi zeuden kontuak, baina bere lana borobildu egin zuen Bertizek, 18 jasoaldi eginez (1.800 kilo). Urrutiak eta Santxinek hamabosna egin zituzten (1.500 kilo) eta Oiarbidek eta Igoak hamabina (1.200 kilo).

Gauzak honela, Bertizek jantzi zuen txapela, 6.125 kilo jasota. Josetxo Urrutia bigarren izan zen, 5.587 kilo terdirekin eta Xabier Ariztegi Santxin hirugarren, 5.337 kilo terdirekin. Lourdes Ibarluzea Igantziko alkatearen eta Imanol Retegi kirol zinegotziaren eskutik jaso zituzten sariak. Aitor Oiarbide izan zen laugarrena 4.550 kilorekin eta Xabier Igoa bosgarren, 4.200 kilorekin.

 

Herritarren herri kirol proba berezia

Harrijasotze txapelketa ofizialarekin batera, Igantziko gazteek ohiko herri kirol saio ikusgarria eskaini zuten. Proba konbinatu ezberdinak egin zituzten hiru taldetan banatuak. Batean, frontoiko zirkuituari zenbait itzuli eman zizkioten, erreleboka zakua bizkar gainean zutela; bigarrenean, asturiar proba egin zuten, egurra motozerrarekin moztuz, aizkoraz pikatua eta gero, erori gabe, pilatuz. Talde bakarrak lortu zuen proba hau bukatzea. Azken saioan, sokatiran aritu ziren hamabi lagun Sebastian Antxordokik gidatutako makinaren kontra.

 

Harri ttikien Euskadiko txapelketa urriaren 6an Labaienen

Harrijasotze kontuekin segituz, urriaren 6an, heldu den larunbatean, harri ttikietako Euskadiko harrijasotze txapelketa jokatuko da Labaienen, 17:00etatik aitzinera. Xabier Ariztegi etxalatarra eta Josetxo Urrutia leitzarra izanen dira eskualdeko ordezkariak. Beraiekin batera hiru gipuzkoak ariko dira: Aimar Irigoien errezildarra, Izeta IV zarauztarra eta Izeta III aiarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun