Bortzirietako Haur Besta eginen da lehenbizikoz larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2012ko ira. 28a, 11:42

Goizean jolaserako aukera aunitz eta arratsaldean zirku eskola izanen dira

Haurren Besta ospatuko da larunbatean Beran. Bortzirietako eta Iparraldeko haurrek elkar ezagutu dezaten antolatu du jaia Labiaga Ikastolak. Egun osoan puzgarriak, bideo kontsolak eta puzzle erraldoiak paratuko dituzte Berako kiroldegian, eta arratsaldean Irrien Lagunak klubeko zirku eskola ekarriko dute.

Bortzirietako Haur Besta lehenengo aldiz ospatuko da larunbatean Beran.  Malerreka, Baztan eta Iparraldeko bizilagunak batzeko asmoz, Berako Labiaga Ikastolako Guraso Taldeak antolatu du jaia. Zonaldeko haurren eta gurasoen arteko harremanak bultzatu nahi dituzte eta horretarako, familia arteko egun dibertigarria antolatu dute.

Helburua ez da dirua ateratzea eta jendea animatzea nahi dutenez gurasoendako sarrera dohainik paratu dute. Haur bakoitzari hiru euro kobratuko zaizkie, eta familia ugaria baldin bada, sei euro.

Berako kiroldegia izanen da bestaren gunea. 10:00etatik 19:00etara puzgarriak, bideo kontsolak eta puzzle erraldoiak izanen dira, haur ttiki eta nerabeentzat bideratuta. Arratsaldeko lauretan, Irrien Lagunak-en eskutik, zirku tailerra izanen da. Bertan, malabareak, akrobaziak, kariokak, makil txinatarrak, globoflexia... irrien lagunen pertsonaiekin egiteko aukera izanen da.  Antolatutako gunean, palomita eta talo postuak eta ostatua ere paratuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun