Espartzinak jantzi eta goizean goizetik hasiko dira dantzan ttikiak Berako kaleetan. Gure Txokoa dantza taldeak antolatuta, dantzari ttiki eguna ospatuko baita larunbatean. Aurtengoa hemezortzigarren edizioa da eta urtero bezalaxe, kanpoko dantza taldeak gonbidatu dituzte. Larunbatean herriko dantzariekin batera, Ibarrako Alurr eta Zaldibiko Iztueta dantza taldeak arituko dira. Goizeko hamarretan eginen diete harrera Berako dantzariek talde gonbidatuei. Hiru multzotan banatuta kalejiran ibiliko dira Legia, Burga plaza eta Agerran. 12:30ak aldera denak elkartu eta jaialdia eskainiko dute. Aurresku, ezpata-dantza, fandango eta arin-arina... eskainiko dituzte dantzariek. Gero kanpoko dantzariak herriko dantzarien etxeetara joanen dira bazkaltzera. Euria eginez gero, ekitaldiak Eztegara frontoian eginen dira.