Igantziko San Migel bestetako txupinazoa irailaren 28an, ortziral arratsaldean botako bada ere, besten aitzineko asteburuan ere hainbat ekitaldi egin ziren. 33. Artzain Zakur Lehiaketan, Jose Mari Istilart arizkundarraren Lagun zakurra suertatu zen garaile.
Aurtengo berrikuntza ajoarriero lehiaketa izan zen. Lau plater aurkeztu ziren eta horien artean, Xeli Etxeberriak prestatutako izan zen irabazlea.
Bederatzigarren edizioa bete duen gazta lehiaketari dagokionez, 9 partehartzaile izan ziren. Lehenbiziko saria Francisca Apeztegia Tapiarentzat izan zen, bigarrena Elena Retegi Iturbiderentzat eta hirugarrena Mª Justa Sein Sansiñenarentzat. Igande eguerdian egin zen lehiaketa eta arratsaldean, Lesakako Trikitixa Taldeak bere jaialdia eskaintzen zuen bitartean, gazta horiekin batera sagardoa eta opilak doan dastatzeko aukera izan zen. Lesakako trikitilariekin batera, Etxalar eta Igantzikoak ere aritu ziren.
Meakaundiko zelaian, berriz, artzain zakur lehiaketaren 33. Edizioa burutu zen. Zortzi artzain eta bere zakurrak aritu ziren lehian eta Arizkungo Jose Mari Istilart izan zen garaile, Lagun zakurrarekin. Bigarren saria Ataungo Aitor Tatoren Argi zakurrak eskuratu zuen eta hirugarrena Oiartzungo Mikel Aizpurua eta Suker zakurrak. Hemen ere sarrera doan izan zen eta Lourdes Ibarluzea alkateak, Isma Iturbide zinegotziak eta Izaskun Goñi, Bertizko Partzuergoko kudeatzaileak banatu zituzten sariak.
Artzain Eguna aprobetxatuz, Elkarrizan boluntario taldeak ere bolondresak lortzeko kanpaina egin zuen. Gaur egun, bolondres gehienak Bera eta Lesakakoak badira ere, bortz herrietara zabaldu nahi dute zerbitzua eta horregatik, Igantzin, Arantzan eta Etxalarren ere laguntzaileak bilatu nahi dituzte. Igantzin eman zuten elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eta jendea interesaturik agertu zen.