Angel Maria Villar, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak Lesakako Mastegi futbol zelai berritua bixitatu du irailaren 21ean, ortziral eguerdian. Bixita aprobetxatuz, futbol zelaian uda honetan egindako obrak bedeinkatu ditu David Galarza erretoreak.
Lesakako Mastegi futbol zelaia1997an inauguratu zen eta Jose Luis Diez, Nafarroako Futbol Federazioko presidenteak aipatu duenez, «Nafarroan proiektatu zen belar artifizialeko lehenbiziko zelaia izan zen». Mastegik 1940tik Beti Gaztek erabiltzen duen Kristo-Enea zelaia ordezkatu zuen. Salvador Yanci, Beti Gazteko presidenteak onartu duenez, «Kristo-eneak ez zituen guttieneko neurriak betetzen, beti lohia izaten zuen, porteriak ez zeuden bata bertzearen parean…». Hortaz, Angel Mari Villarek erran duenez, «amek atsegin hartu izanen dute zelai berriarekin». Denboraldi honetan 280 futbolari inguru izanen ditu Beti Gaztek, hamabi taldetan banatuak.
Uda honetan, belar berria eta zelaia bustitzeko sistema berria ezarri du Italgreen enpresak. Horretaz gain, auzolanean inguruko hesia berritu eta margotu da, harmailak bezalaxe. Ordezkoen aulkiak eta futbol-7ko porteriak ere aldatu egin dira. Lanen aurrekontua 198.000 eurokoa baldin bazen ere, dagoeneko 208.000 euro gastatu dira eta Espainiako Futbol Federazioak 100.000 euro ordaindu ditu. Hortaz, egindako eta gelditzen diren lanak gauzatzeko Espainiako Federazioari dirulaguntza gehixeago eskatzeko ere probextu dute Lesakan.
Futbol zelaiaren obrak bedeinkatu ondotik, herria bixitatu dute Espainiako eta Nafarroako Federazioko ordezkariekin, Lesakako udal ordezkariekin batera, Rafael Eneterreagak gidatuta. Lesakako Herriko Etxeak Sanferminetako zapi gorria eta Beti Gaztek, elkartearen insignia eta zakozarraren irudi bat eman diote Angel Mari Villar-i.
Lesakan bazkaldu ondotik, Doneztebeko futbol zelai berria bisitatzekotan da Angel Mari Villar, 16:00 aldera eta gero Iruñera joanen da.