Lesakako Gazte Asanblada herria biziarazi nahian

TTIPI-TTAPA 2012ko irailaren 20a

Utzitako argazkia

Gaztik geldirik, he­rria hilik dio LEGA Lesakako Gazte Asanbladak maiz erabil­tzen duen leloak, eta horren harira, herria biziarazi asmoz, hainbat ekimen antola­tzen ari da. Dagoeneko ohitura bihurtzen ari diren truke azoka (hilabeteko azken larunbatetan) eta bideo emanaldiez gain (hilabetero, bertze egitarauaren arabera), udan hainbat hi­tzordu proposatu dituz­te (pos­tre lehiaketa eta Leurtza­rako irteera, ber­tzeak bertze). Joan den irailaren 7tik 9ra ospatu ziren Bi­ttiriko bestetan ere parte hartu zuten Lesakako gazteek, larunbatarekin herri olinpiadak txertatu baitzituzten egitarauan, herriko haur, zahar eta gazteentzat  –argazkian–. Aurreikuspenak bete­ egin zirela adierazi dute, «gutti goitibeheiti adin guztietako jendea animatu baitzen­ jokoetara, lau taldetan banatuta». Inguruko jendea ere hurbildu zen jolasean zirenak­ ikustera eta giro polita sortu zen. Gainera, jolasak berezi xamarrak izaki, irri aunitz egin zuten bai parte hartzaileek bai ikusleek ere. Aitzinera begira ere gogotsu daude Gazte Asanbladakoak. Izan ere, Arrano elkarteak urte osoan antolatu duen sukaldaritza txapelketan parte hartzeko txanda egokitu zaie asanbladakoei irailaren 29an. Larunbat horretan, baz­karia prestatu beharko dute asanbladako ki­deek eta Arrano elkarteko epaileek emanen diete puntuazioa. Baz­karia 10 euroren truke izanen da eta hurbildu nahi duenak izena aitzi­netik eman beharko du Arranon. LEGAk proposaturiko menua honakoa izanen da: hasteko pate ezberdinak eta barazki tenpura, ondotik pasta fru­tti di mare eta azpizuna saltsan eta bukatzeko pos­tre sorpresa. Parte hartzeko eta animatzeko deia egin dute gazteek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun