54 ikaslek eta 11 irakaslek ekin diote ikasturte berriari herriko eskolan. Horietatik 15 ikasle Haur Hezkuntzan hasi dira eta lehen aldiz eskolara doazenak sei dira: Ekiñe, Helene, Irati, Xabi, Asier eta Beñat. Haur Hezkuntzan, 15 ikaslerekin, bigarren irakaslea tokatzen da eta hala, aurten, Haur Hezkuntza bikoiztua geldituko da. Alde batetik, 3 urtekoak ariko dira eta bertzetik, 4 eta 5 urtekoak.
Lehen Hezkuntzan 33 ikasle dira eta DBHn sei ikasle. Arantzako eskola utzi eta Toki Ona instituturako bidea hartu duten ikasleak Xabi Taberna, Oihana Etxeberria eta Judith Etxeberria dira.
IRAKASLEAK
Klaustroko kideak hauek dira: 3 urtekoen irakaslea Jaione Larre da eta 4-5 urtekoena Juanita Larralde; lehenbiziko zikloan Isabel Danboriena dute irakasle, bigarrenean Gontzal Errandonea eta hirugarrenean Noemi De Mateo. DBHn, berriz, Edurne Saenz de Pipaon (zientziak) eta Haritz Urra (letrak) dira irakasleak. Azken bi irakasle hauek lizentziatuak dira eta hori ere berrikuntza da aurten, orain arte maisu-maistrak baitziren bigarren hezkuntzan eskolak ematen zituztenak. Halere, ez dira lanaldi osoan ari, orduka baizik.
Bertzalde, ingeleseko irakasleak Arrate Egia, Aitor Elexpuru (zuzendaria ere bada) eta Ernesto Delas dira eta soinketakoa Mikel Iriarte.
Eskola batetik bertzera ibiliko diren irakasleak ondokoak dira: erlijiokoa Sara Manzano (Lesakako eskolatik dator), musikakoa Aiala Grajirena (Berako eskolatik), logopeda Mari Juli Telletxea (Berako eskolatik) eta laguntza irakaslea Agustin Burlada (Igantzitik).
MURRIZKETAK
Nafarroako Gobernuak Hezkuntzan egin dituen murrizketek gure eskolan ere eragina izan dute: irakasleei lansaioak luzatu dizkiete eta irakasle batzuk orduka datoz, eta ez lanaldi osoan.