Beti Gazteko Bixente Igartzabalek irailaren 8an Donibane Lohizunen antolatu zen Ironbask proba, Euskal Herrian lehen aldiz antolatu den Ironmana (3,8 km igeri, 180 km bizikletan eta maratoia lasterka) irabazi zuen. 107 kirolari atera ziren eta ohikoa denez, Igartzabal ez zen ongi ibili igeriketan. 70. postuan atera zen uretik (1h,17’29”), lehenbizikoa izan zen Remi Dugoujon frantziarretik 28 minutu eta 54 segundura. Bizikletan, aldiz, denborarik onena egin zuen (5 h, 18‘ 11”). Honela, bigarren transiziora bosgarren postuan ailegatu zen.
Oinezko lasterketan, 33. kilometroan harrapatu zuen ordura arte sailkapen buruan zegoen Nicolas Bazile frantziarra eta lehenbizikoa helmugaratu zen (9h, 56’21”). Oinezko lasterketan ere denborarik onena egin zuen Bixentek (3 h, 13’ 35”). Nicolas Bazile izan zen bigarren, 2 minutu eta segundu batera eta Aviron Bayonnais taldeko Philippe Petrissans izan zen hirugarren, 6 minutu eta 47 segundura.
Gisa honetara, Bixente Igartzabalek bukatutzat eman du denboraldi bikaina. Altriman proban bigarren izan zen, seigarren Quebrantahuesosko Triatloian eta 24. Elbrunman proba famatuan.