Berriki Foru Agindua eta sententzia argitaratu dira Udalaren kontra, Espainiako bandera Herriko Etxean ez paratzeagatik. Foru Agindua abuztuaren 10ean argitaratu zuen Nafarroako Gobernuak, eta duela bi aste jakinarazi zuen Nafarroako epaitegiak estatuko abokatuak Udalaren aurka jarritako salaketaren epaia. Foru Aginduak bestetan ikurrina paratu izana eta ez Espainiako bandera salatu zituen, eta sententziak berriz dio iraunkorki egon behar duela Espainiako banderak udaletxean. Biak errekurritu ditu Udalak. Abuztuaren 23ko Udalaren osoko bilkuran, Aralar, Bildu eta EAJren babesarekin mozioa onartu zen. Horren arabera, «bestetan urteak dira Berako ikurra, Nafarroako bandera eta ikurrina paratu izan direla. Tradizioari jarraiki, eta herri honetako gehiengo politikoaren zein sozialaren nahiari erantzunez, aurten ere, ikur horiek egon dira». Espainiako bandera jarrarazi eta ikurrina kenaraztea herritarren gehiengoaren borondatearen kontrakoa dela dio Udalak, «eta inposatutako erabaki bat den neurrian, ez du aintzat hartzen herri honetako errealitatea». Udal gobernuaren autonomiaren eta herriaren kontrako «eraso larritzat» hartu du Foru Agindua.