Egun betea izanen da irailaren 29a, hitzordu bat baino gehiago izanen baitira. Alde batetik, Dantzari Ttiki Eguna antolatu du Gure Txokoa Dantza Taldeak. 10:00etan bertze herrietako dantza taldeei harrera eginen diete eta hiru multzotan banatuta kalejiran ibiliko dira Legia, Burga plaza eta Agerran. 12:30 aldera denak elkartu eta jaialdia eskainiko dute eta gero, kanpoko dantzariak herriko dantzarien etxeetara joanen dira bazkaltzera. Euria eginez gero, ekitaldiak Eztegara frontoian eginen dira.
Bertzetik, aurten lehenbiziko aldiz eginen den Bortzirietako Haurren Eguna ere egun horretan ospatuko da. Labiaga Ikastola ari da antolatzen eta egun osoko besta prestatu dute: 10:00etatik 19:00etara puzgarriak, bideo kontsolak eta puzzle erraldoiak izanen dira eta 16:00etatik 19:00etara Irrien Lagunak zirko eskola ere bai. Xehetasun gehiago 3. orrialdean.