«Bortziriak eta Iparraldeko haurrei elkar ezagutzeko gunea eskaini nahi diegu»

Gurutze PIKABEA 2012ko irailaren 19a

Joxelu Loiarte beratarra Bortzirietako Haurren Eguna antolatzen ari diren gurasoetako bat da. TTIPI-TTAPA

Joxelu LOIARTE | Berako Labiaga Ikastolako gurasoa

Bortzirietako eta Iparraldeko haurrek elkar ezagutzeko gune bat izan dezaten, aurten lehenbiziko aldiz Haurren Eguna antolatu du Berako Labiaga Ikastolako Guraso Taldeak. Irailaren 29an izanen da eta egun osoan puzgarriak, bideo kontsolak eta puzzle erraldoiak paratuko dituzte Berako kiroldegian, eta arratsaldean Irrien Lagunak klubeko zirku eskola ekarriko dute. Gurasoek sarrera dohainik izanen dute eta haur bakoitzari hiru euro kobratuko zaizkie, eta familia ugaria baldin bada, sei euro.

 

Nolatan gogotu zaizue Bortzirietako Haurren Eguna antolatzea? Berako Ikastolako Guraso Taldetik atera den ideia da. Ikasturtean zehar ikastola barreneko gauzak bultzatzeko eta kanpora begira ideiak lantze­ko bilerak egiten ditugu eta hau horietako bat da. Horrelako zerbait egitea polita izanen zela pentsa­tu genuen eta horretan hasi ginen. Antolatzen den lehenbizikoa aldia da eta nola ateratzen den probatu nahi dugu. Datarekin bueltaka ibili gara, irailaren 29an Igan­tziko bestak direlako eta Beran Dantzari Ttiki Eguna ere orduan delako. Baina azkenean data horretan jartzera behartuak egon gara. Dena ongi ateratzen bada, egun honek hurrengo urteetan segida izatea nahiko genuke, nahiz eta datarik egokiena zein den ikusi beharko litzatekeen.

 
Zehazki zer izanen da Bortzirietako Haurren Egunean? 
Egun osoko besta bat izanen da. 10:00etatik 19:00etara Berako kiroldegiaren barreneko aretoa eta kanpoko patioa hartuko ditugu haurrei hainbat aukera eskain­tzeko. Egun osoan mota guztietako puzgarri aunitz paratuko ditugu, eta horrez gain, bideo kon­tsolak eta puzzle erraldoiak egonen dira. Eta arratsaldean, hiru orduz, Irrien Lagunak klubeko zirku eskola izanen da. Horrez gain, palomita eta talo postuak paratuko ditugu, baita ostatu ttiki bat ere. Eguraldi txarra egiten badu, badaezpada, kanpoko ekitaldietarako Udalari Altzateko frontoia erabiltzeko baimena ere eskatuko diogu. Gurasoek sarrera dohainik izanen dute eta haur bakoi­tzak hiru euro ordaindu beharko ditu, eta familia ugaria baldin bada sei euro. Beraz, familiako gehienez ere sei euro kobratuko dira.
 
Zein helbururekin antolatu duzue? 
Bortzirietako eta Iparraldeko haurren topaleku bat izatea nahi dugu eta beraien artean elkar ezagutzea. Bertatik bertara gaude eta urruti gaudela ematen du. 
 
Bertze ikastetxeekin elkarlanean ari zarete antolatzen? 
Ez, Labiaga Ikastola­koak ari gara. Ez da azpiegitura haundirik behar, puzgarriak ekarriko dituztenek eurek ardura­tuko dira horretaz eta Irrien Lagunak zirku eskolakoak ere bai. Alde horretatik nahiko erraz ari gara. Lekua izanez gero, eurek antolatzen dira eta Guraso Taldekoak edozein gauzetarako hor egonen gara.
 
Nola aurre eginen diezue gastuei? 
Helburua ez da dirua ateratzea, eta gauden garaian egonda, gurasoen­tzat sarrera dohainik paratu dugu, jendea anima­tzea nahi dugulako. Horrez gain, dirua lortzeko udan kamisetak ere saldu ditugu Bestak bizi, euskaraz lehenbizi lelopean. Haurrei kobratuko­ zaien sarrerarekin eta postuetan lortuko denarekin gastuak estal­tzea espero dugu. Lehenbiziko aldia da eta ikusiko dugu nola ateratzen den. 
 
Egunari begira, nola­ko­­ aurreikuspenak dituzue? 
Egun horretan bertze ekintzak ere badira eta alde horretatik pena da, bertzela ere ez direlako gauza aunitz izaten. Baina Dantzari Ttiki Egu­nean parte hartuko dute­nek aisialdirako eta ber­tze haurrekin egoteko aukera ere izanen dute. Gure asmoa ez zen bat etor­tzea, baina puzgarriak eta zirku eskola direla eta, horrela tokatu da.
 
Bertze herrietako ikastetxeetara zein mezu bidaliko zenuke? 
Bortzirietako eta Iparraldeko haurren eguna da eta ikastola eta eskoletako haurrak, ikastetxe haundiak edo ttikiak izan, denak gonbidatuak daude irailaren 29an Berara etortzeko.
 
 
SARRERA 
«Gurasoek sarrera dohainik izanen dute eta haur bakoi­tzak hiru euro ordaindu be­harko ditu, eta fa­milia ugaria baldin bada, sei euro. Beraz, familiako gehienez ere sei euro kobratuko dira». 
 
EGITARAUA
«10:00etatik 19:00­etara puzgarriak, bideo kontsolak eta puzzle erraldoiak izanen dira eta arratsaldean zirku eskola. Palo­mi­ta eta talo postuak eta os­tatua ere paratuko ditugu».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun