Manttale taldeak atletismo eskolaren denboraldi berria abiatzeko bi bilera deitu ditu ortziral honetarako, irailaren 21erako. Atletismo eskola urrian hasiko da eta ortziral arratsaldeko 19:30ean, Manttale Ttiki parte hartu nahi duten neska-mutikoen gurasoak deitu dituzte, 2001 eta 2006 urteen artean jaiotako haurren aita eta amak, hain zuzen. Hiru ordu laurden beranduago, 20:15ean, Manttaleko gazte taldean parte hartu nahi duten neska-mutilak deitu dituzte, 1997 eta 2000 urteen artean jaiotakoak.
Aitzineko urteetan bezala, Manttale Ttikin nahiz gazteen taldean hainbat jarduera eta entrenamendu egin nahi ditu Manttalek, lau monitorek gidatuta. Urriaren 6an, larunbatarekin abiatuko da Mantale Ttikiren denboraldia eta larunbatero-larunbatero bilduko dira ttikienak entrenatzera Berako kiroldegian, 10:00etatik 12:00etara.
Gazteen taldearen kasuan, urriaren 3an hasiko dira, hauek ere kiroldegian eta asteazkenero bilduko dira 17:30etik 19:00etara.
Azken urteetan 60 neska-mutikok baino gehiagok parte hartu dute Manttale Ttikiko eskolan, atletismoare oinarriak ikasiz eta joku didaktiko ezberdinak eginez. Lau monitoreek klase teorikoak eta praktikoak txandakatzen dituzte eta haurrek estiramentuak egiten, beroketak edo karrerako estilo eta teknika ezberdinakikasten dituzte. Asteroko entrenamenduekin batera, tarteka karreretan parte hartzen dute, baita mendira egiten diren txangoetan ere, oinez nahiz bizikletaz.