Azken bi urteetako eguraldi euritsua, ura eta lohiaren ordez eguzki goxoa eta tenperatura epela izan zuten larunbatean Lesakako mendi bizikleta ibilaldia egin zuten 220 txirrindulariek.
Beti Gazte elkarteak antolatutako proban hiru ibilbide jarri zituen aukera, baina gutti batzuk bertzerik ez zuten egin laburrena, 25 kilometrokoak. Bertzeek, erdi eta erdi, gutti gora behera, 50 kilometroko luzea eta 35 kilometroko ertaina egin zuten.
Proba lehiakorra ez denez, antolatzaileek ez dute sailkapenik egiten, eta bukaeran hainbat sari zozketatu ziren. Hiru txirrindularik kolpeak hartu zituzten eta osasun zentroan artatu behar izan zituzten. Ibilbideak ederki seinalizatuak bazeuden ere, bidegurutzeren batean arazoekin ibili zirenak ere izan ziren.
Halere, partehartzaileak gustora bukatu zutela ere aipatu zuten eta antolatzaileei animoak emanez, hurrengo urtean ere Lesakako Mendi Bizikleta ateraldia egin dadin.