Jubenil mailako txirrindulari gazteei zuzendutako Felix Errandonea Memorialaren 35. edizioa jokatuko da irailaren 15ean, larunbat arratsaldeko 17:00etatik aitzinera Beran, Gure Txokoa elkarteak antolatua.
85 kilometroko itzulia izanen da eta bi ordu eta laurden inguru beharko dituzte txirrindulariek osatzeko. Larunbat arratsaldeko 17:00etan Iamoteneatik abiatuta, Endarlatsara joanen dira eta Gaztañalde baserrian buelta emanda berriz ere Beratik pasatu, Lesakako zubitik Etxalarko benta aldera joko dute, Berrizaun, Larrakaitz eta Iruribietan berriz ere buelta emanen dute Bera aldera, handik Zalain aldera joan eta Bereauko zubitik Lesakara sartuko dira, Lesaka gurutzatu, Piedadeko gaina igo, Igantzitik Berrizaunera jautsi, Etxalarko bentatik pasatu eta Berara joko dute, Eztegaran paratuko den helmugara ailegatzeko.
Aipagarria da Berako Kepa Remiro gazteak maila honetan laister egiten duela Lizarte taldearekin.
Berako XX. BTT Ibilaldia irailaren 23an
Gure Txokoa Elkarteak XX. BTT ibilaldia antolatu du Beran hurrengo iganderako, irailaren 23rako. Hiru ibilbide izanen dira aukeran: helduentzako bi eta haurrentzako bertze bat.
Ibilbide luzea Matzadatik aterako da, handik Alkaiaga industrialdera joanen da, gero Sarraia, Elorlepo (5. Mugarria), Manttale, Ibardin, Usategieta, Landagaita, Gondendiaga, Lizuniaga, Idoiako lepoa eta Santa Barbaratik pasatu ondotik, Matzadan bukatuko da. Ibilbide motza aukeratzen dutenek luzearen berdina eginen dute, baina Sarraiatik zuzenean Ibardinera joanen dira.
Haurrena, berriz, Postasetik aterako da eta Ibardinera joanen dira, gero Usategietara eta Zumalkotik Lizuniagako errepidea hartuta Matzadara jeitsiko dira. Ez dira aunitz izaten haurrek parte hartzeko aukera ematen duten BTT ibilaldi aunitzik eta ttikienak gustura ibiltzen dira ibilaldi honetan. Postasetik ateratzen direnez, bertaraino bai haurra baita bizikleta ere furgoneta edo kamioi batean eramaten dira, beraz hagitz garrantzitsua da 09:30erako denak Matzadan egotea, igo ahal izateko. Ordu horretarako Matzadan prest ez dagoenak ezin izanen du parte hartu.
Izen-ematea, Matzadan eginen da 08:00etatik 09:30era. Gure Txokoako bazkide edota federatuek 10 euro ordainduko dute. Bazkide ez direnek edota federatuek 15 euro eta haurrek 5 euro. Opari poltsa emanen zaie izen eman duten lehendabiziko 250 parte hartzaileei. Parte hartzaileen artean oparien zozketa ere eginen da bukaeran. Katea Bikek oparitutako bizikleta pare bat eta Larun-Haizpe merkatari taldeak emandako opariak zozketatuko dira.