Berako Nerea Sorondok eta Amaia Garciak irabazi zuten abuztuaren 10ean emakumezkoen Euskal Herriko arpanlari Txapelketa. Berako bikotea Nafarroako txapeldun eta Euskal Herriko azpitxapeldun izan zen iaz, baina aurten txapel nagusia janztea lortu du. Lau bikote aritu ziren lanean Aian, eta bakoitzak etzandako 45 ontzako enborrari hamar epai eman behar izan zizkion. Sorondo eta Garcia bikain aritu ziren hasieratik bukaerara. Nuñez eta Lopez lezaundarrak bigarren izan ziren, Ferran eta Varela arabarrak hirugarren eta Sanchez eta Urriza nafarrak laugarren.
GIZONEZKOEN BIGARREN MAILAKOA
Leku berean jokatu zen gizonezkoen Euskal Herriko bigarren mailako finala ere. Hiru bikote aritu ziren lehian, eta bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarrita zegoen 45 ontzako enbor bati, eta bertze bortz zutik jarritakoari.
Pikabea anaiak ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Iruritako Guillermo Etxenike eta Anizko Andoni Irigoien hurbil izan ziren, baina azkenean azpitxapeldun izan ziren eta Oteiza eta Berruezo, berriz, azken postuan sailkatu ziren.