Lesakako Beti Gazte elkarteak antolatutako BTT edo mendi bizikleta ibilaldia irailaren 15ean, larunbatean eginen da. Partehartzaileek hiru ibilbide izanen dituzte aukeran: luzea, 50 kilometrokoa eta 2.000 metroko desnibel positiboarekin; ertaina, 35 kilometrokoa eta 1.700 metroko alde positiboarekin eta laburra, 25 kilometrokoa eta 1.200 metroko desnibel positiboarekin.
Irteera larunbat goizeko 09:00etan eginen da eta izen ematea 08:00etatik 08:45era egiten ahal da Herriko Etxeko arkupetan. Beti Gazteko bazkide ez direnek eta federatuta ez daudenek 20 euro ordainduko dute; bazkide ez direnak baina federatuak daudenak edo federatuak izan gabe bazkide direnek 15 euro ordainduko dute eta bazkide eta federatuak direnek hamarna euro.
Lesakako BTT ibilaldia ez da proba lehiakorra eta kaskoa derrigorrezkoa da. Anbulantza medikalizatua izanen da eta partehartzaile guziei egun horretarako aseguru bat eginen zaie. Helmugan luntxa izanen da, baita bizikletak garbitzeko tutu malguak ere. Saririk banatuko ez bada ere, opariak banatuko dira partehartzaileen artean. Kasino jatetxean bi pertsonentzat afaria, Katea Bikek emandako bizikleta bat, Martiko produktu sorta bat, partaide guzientzako izerditzeko kamisetak, Telletxea Lorezaintzak emandako maillotak, Beti Gaztek emandako maillotak, Ziraunak emandako materiala eta Lesakako Urdik emandako bi masaje-saio.
Bertze aldetik, aitzineko egunetik etorri nahi dutenentzako edo larunbatetik igandera gelditu eta biharamoneko Hondarribiko zeharkaldian parte hartu nahi dutenentzat Txakainlo aterpeak doan lo egiteko aukera eskaintzen du, gehienez 20 lagunendako. Interesatuek 618952638 edo 680 283727 (Beñardo) telefonoetara deitzen ahal dute.
Santiago Bidea
Bertze aldetik, Beti Gazteko mendi sailak berriz ere Santiago Bideari ekinen dio udako geldialdiaren ondotik. Irailaren 16an, igandean, Torres del Rio eta Logroño arteko 22 kilometroak eginen dituzte. Plaza Zaharretik 06:30ean aterako da autobusa. Izen emateko azken eguna irailaren 11 da. Bazkideek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 15 euro.