Bixente Igartzabal 25 onenen artean sailkatu da Enbrunman proban

Aitor AROTZENA 2012ko irailaren 10a

Igartzabal lanean Artxiboko argazkia

Abuztuaren 15ean burutu zen Frantziako Alpeetan Embrunman probaren 29. edizioa. Europako zaharrenetekoa eta Munduko gogorrenetakotzat hartua duten Ironman honetan 1.022 kirolari abiatu ziren, tartean Alejo Sarobe eta Bixente Igartzabal lesakarrak. Sarobek ez zuen proba bukatzea lortu, baina Igartzabalek Top-25ean sartu zen, 24. zehazki.
 
Aurtengoan bereziki gogorra izan da Em­brun­man, bero handia eta haize zakarra izan baitzuten. Horren erakusgarri, atera ziren 1.022 partehartzaileetatik 685 bakarrik helmugaratu zirela.
 
Igartzabal 24. izan zen, denera 11 ordu, 36 minutu eta 28 segundo lanean aritu ondotik. Eta hori igeriketako zatitik 701. postuan atera zela (01:17:13). Espero bezala, bere espezialidadea den bizikletan hobeki ibili zen, hamarga­rren izan zen zati horretan (06:21:52) eta oinez­ko lasterketa, maratoian, 44. denborarik onena egin zuen (03: 50: 26). Azkenean, beraz, bigarren urtez segidan 25 onenen artean sar­tzea lortu du Igartzabalek, lehenbiziko euskalduna izan zen eta estatuko kirolarien artean hirugarren izan zen, irabazle eta bigarren izan ziren Marcel Zamora eta Victor del Corral katalanen ondotik.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun