Juan Carlos Pikabearen margolana New Yorken ikusgai izanen da

Aitor AROTZENA 2012ko irailaren 10a

Pikabea, abuztuan Irisarrin egin zen erakusketan. Juan Mari ONDIKOL

Aitzinetik Gasteizen ere eginen du erakusketa

 
Juan Carlos Pikabea margolari lesakarraren 30 bat lan ikusgai izan dira abuztuan bere etxean, Otsango auzoko Irisarrin. Azkeneko urteetan ohikoa den erakusketa honen ondotik, Gasteizko Vital Kutxaren Luis de Ajuria aretoan zintzilikatuko ditu bere koadroak, irailaren 26tik urriaren 14ra.
 
Aurten, gainera, lehen aldiz itsasoa zeharkatu eta Pikabearen margolan bat New York­en erakutsiko du Chelseako Montserrat aretoan azaroaren 28tik abenduaren 12ra. Nonbait, joan den urtean Parisen egin zuen erakusketak ate hori zabaldu zion eta udazkenean bidaliko du bere margolana, Parisko Hors Champs galeriako Stelin-Overseasen bitartez. «Oraindik ez dut margotu, baina badut astia, seguruenik Hendaiako itsas labarreko irudiren bat margotuko dut», aipatu digu Pikabeak. 
 
Bitxikeria moduan, bere margolana, Fran­tziako gaur egungo eszena artistiko berria erakusketaren barnean ikusiko da eta honek ere, ate berriak irekiko dizkionaren itxaropena dauka margolariak.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun