Ortziraleko txupinazoarekin eta patata tortilla lehiaketarekin abiatu eta igandeko trikitixa jaialdiarekin bukatuz, giro ederra izan da asteburu honetan Lesakan, Bittiria auzoko bestetan.
Ortziral arratseko txupinazoaren aitzinetik patata tortilla txapelketa egin zen eta zortzi bikotek hartu zuten parte. Horien artean Kañel eta bere bikotea izan ziren irabazleak eta Linddurrenbordan otordua irabazi zuten saritzat. Kalejira, berendu afaria eta DJ Endararekin musika ere izan ziren.
Larunbat goizean diana izan zen txistulariekin eta eguerdian haurren herri krosa. Auzotarren bazkaria girotzen Lesakako Bertso Eskolako bertsolariak aritu ziren eta arratsaldean herri olinpiaden txanda izan zen. Gazte Asanbladak adin guztietako jendearendako jolasak antolatu zituen eta partehartzaileek nahiz ikusleek ajari ederrak bota zituzten.
Igande goizean haurrendako jokoak eta eskulanak izan ziren Eltzeta plazan eta arratsaldea Txan magoaren ikuskizunarekin eta trikitixa eskolako taldearen kalejirarekin eta festibalarekin, ezin hobeki bukatu ziren Bittiriko bestak.
Aipatu, bertzalde, Txori Izigarrien edo txorimaloen txapelketa ere egin zela eta auzoko baratzeetan, balkoietan, leihoetan... txorimaloak ikusgai izan ziren. Gehien bat auzoko neska-mutikoek egindako txorimaloak izan ziren eta partehartzaile guziek izan zuten Maribi Gaztelumendik eskainitako sari gozoa dastatzeko aukera.