Bixente Igartzabal kirolari lesakarrak Ironbask proba irabazi du

TTIPI TTAPA 2012ko irailaren 10a

Bizikleta eta oinezko lasterketetan denborarik onenak egin zituen. Utzitako argazkia

Irailaren 8an burutu zen Donibane Lohizunen Euskal Herriko lehen Ironmana

Lesakako Beti Gazte taldeko Bixente Igartzabal kirolariak denboraldi bikaina borobildu du, irailaren 8an lehen aldiz Donibane Lohizunen antolatu den Ironbask proba irabazita. Euskal Herrian lehen aldiz antolatu den Ironmana, beraz, lesakarrak irabazi du.

Lesakako Beti Gazte taldeko Bixente Igartzabal kirolariak denboraldi bikaina borobildu du, irailaren 8an lehen aldiz Donibane Lohizunen antolatu den Ironbask proba irabazita. Euskal Herrian lehen aldiz antolatu den Ironmana, beraz, lesakarrak irabazi du.

Ironman proba honetan 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta maratoia, 42,2 kilometrio lasterka egin behar izaten dituzte kirolariek eta 107 bildu ziren larunbat goizeko 07:00etan Donibane Lohizuneko hondartzan. Ohikoa denez, Igartzabal ez zen ongi ibili igeriketako zatian eta 70. postuan atera zen uretik, ordubete, 17 minutu eta 29 segunduko denborarekin eta zati honetan lehenbizikoa izan zen Remi Dugoujon frantziarretik 28 minutu eta 54 segundura.

Bizikletako zatian, aldiz, denborarik onena egin zuen lesakarrak, 5 ordu, 18 minutu eta 11 segundu eta, honela, bigarren transiziora bosgarren postuan ailegatu zen.

Oinezko lasterketan, gibeletik aitzinerako bide horretan segitu zuen Beti Gaztekoak eta 33. kilometroan harrapatu zuen ordura arte sailkapen buruan zegoen Nicolas Bazile frantziarra. Behin lehenbiziko postura ailegatuta, hortxe segitu zuen Igartzabalek eta lehenbizikoa helmugaratu zen, 9 ordu, 56 minutu eta 21 segunduko denborarekin. Oinezko lasterketan ere denborarik onena egin zuen lesakarrak, 3 ordu, 13 minutu eta 35 segundu. Nicolas Bazile izan zen bigarren, lesakarrak baino 2 minutu eta segundu bat gehiago behar izan zituen eta Aviron Bayonnais taldeko Philippe Petrissans izan zen hirugarren, 6 minutu eta 47 segundura.

Gisa honetara, Bixente Igartzabalek bukatutzat eman du denboraldi bikaina. Izan ere, Donibane Lohizuneko garaipenaz gain, Altriman proban bigarren izan zen, seigarren Quebrantahuesosko Triatloian eta 24. Elbrunman proba famatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun