Espainiako bandera jarraraztea “inposatutako erabakia” dela azpimarratu nahi du Berako Udalak

TTIPI TTAPA 2012ko irailaren 10a

Berako udaletxeko balkoian ez zen Espainiako banderarik izan bestetan eta hori jarraraztea herritarren borondatearen kontrakoa dela uste du Berako Udalak. Artxiboko argazkia

Herritarren gehiengoaren kontra doala ere uste du

Berriki Foru Agindu eta sententzia bana argitaratu dira Berako Udalaren kontra, Espainiako bandera Herriko Etxean ez paratzeagatik. Foru Agindua abuztuaren 10ean argitaratu zuen Nafarroako Gobernuak, eta joan den astean jakinarazi zuen Nafarroako 2. epaitegi-administratiboak estatuko abokatuak Berako Udalaren aurka jarritako salaketaren epaia, Berako Udalaren kontrakoa. Foru Aginduak bestetan ikurrina jarri izana eta Espainiako bandera ez jarri izana salatu zituen, eta sententziak berriz dio iraunkorki egon behar duela Espainiako banderak Berako Herriko Etxearen kanpoko zein barreneko aldean. Biak errekurritu ditu Berako Udalak.

Abuztuaren 23an Berako Udalak egindako osoko bilkuran, Aralar, Bildu eta EAJko 10 zinegotzien erabateko babesarekin mozioa onartu zen.

Bertan aipatzen denez, «Berako Bestetan urteak dira Berako ikurra, Nafarroako bandera eta ikurrina paratu izan direla. Urtetako tradizioari jarraiki, eta herri honetako gehiengo politikoaren zein sozialaren nahiari erantzunez, aurten ere, ikur horiek egon dira paratuak Herriko Etxean».

Espainiako bandera jarraraztea eta ikurrina kenaraztea beratarren gehiengoaren borondatearen kontrakoa dela salatu nahi izan du Berako Udalak, «eta inposatutako erabaki bat den neurrian, azpimarratu nahi dugu ez duela aintzat hartzen herri honetako errealitatea. Udal gobernuaren autonomiaren kontrako eraso larritzat hartzen dugu Foru Agindu hori, eta bide batez, herriaren kontrako erasoa dela nabarmendu nahi dugu».

Herri baten sinboloak eta ikurrak ezin direla inposatu adierazi nahi dio Berako Udalak Nafarroako Gobernuari, zein ahalegin horretan saiatuko diren guztiei. «Euren sinboloak inposatuagatik ere, gure pentsamoldea, gure nortasuna eta gure izaera ez dutela aldaraziko» argi utzi nahi die Udalak.

Gai honekin «UPNk eta bere gobernuak duten jarrera eta honetaz egiten duten erabilera partidista» ere salatu du Berako Udalak. «Herriaren alde lan egin eta herriaren kezkez arduratu beharrean, ikurrak inposatzea eta geure nortasuna ezabatzeko ahaleginetan aritzea inolaz ere ez dela bidea adierazi nahi diegu».

Azkenik, «geure ikurren alde, eta inposatutako ikurren aurka», mozio hau onartu duten alderdiek elkarrekin herri ekimen bat lantzeko konpromisoa hartu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun