Nafarroako Herriz Herri Txapelketako txapel bat lortu du Berako taldeak

Ttipi-Ttapa 2012ko irailaren 3a

Berako taldea.

Bigarren proba konbinatuan nagusitu da

Nafarroako Herriz Herri Txapelketaren bigarren eta azken jardunaldia Berriozarren jokatu da asteburuan eta Berriozar eta Berako taldeak aritu dira lehian. Bi proba konbinatuetan parte hartu dute eta bigarrenean Bera gailendu da: fardoa botatzen, txingekin eta ingudearekin.

Nafarroako Herriz Herri Txapelketaren bigarren eta azken jardunaldia Berriozarren jokatu zen joan den asteburuan eta Berriozar eta Berako taldeak aritu ziren lehian. Bi proba konbinatuetan aritu ziren eta bigarrenean Bera gailendu zen.

Proba konbinatu bakoitzean ondoko lan hau egin behar izan zuten. Lehen proba konbinatuan, hiru txandatan, hasteko batek 15 txokor paratu eta taldekideak segidan bildu, ondotik, 40 kiloko zakuarekin bi kirolarik bi buelta eman plazari, korrikalari batek bortz itzuli eman plazari 400 metro eginez, eta bukatzeko bi lagunek arpanarekin etzanda jarritako metroko enborrari lau korte eman.

Bigarren proba konbinatuetan hiru kirol modalitatetan aritu ziren. Alde batetik, lasto botatzen aritu ziren. 10 kiloko fardoa sarde baten laguntzarekin makil horizontal baten gainetik pasatu behar izan zuten. Horren ondotik, 40 kiloko txingekin sei plaza egin behar izan zituzten eta 18 kiloko ingudearekin 50 jasoaldi egin.

Bi jardunaldi jokatu dira txapelketa honetan. Herriz Herri txapelketako lehenbiziko jardunaldia Beran jokatu zen uztailaren 29an. Orduan, lehen proba konbinatuan Berriozar nagusitu zitzaion Berako taldeari. Berriozarkoek 20:17.33ko denbora egin zuten eta beraz, bi puntu eskuratu zituzten eta Berakoek 20:55.73ko denbora eta puntu bakarra lortu zuten. Bigarren proba konbinatuan, aldiz, Berakoak nagusitu ziren eta bi puntu eskuratu zituzten; Berriozarkoek, aldiz, puntu bat.

Bigarren jardunaldia ere berdintsu joan zen. Lehen proba konbinatuan Berriozar nagusitu zen, 19:06.10ko denbora eginda eta Berako taldeak 19:35.31koa egin zuen. Beraz, Berriozarkoek bi puntu eta Berakoek puntu bakarra eskuratu zuten. Bigarren proba konbinatuan Bera gailendu zen eta bi puntuak beretzat izan ziren. Beraz, Berako taldeak bigarren proba konbinatuetan lortu du txapela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun