Nafarroako Herriz Herri Txapelketaren bigarren eta azken jardunaldia Berriozarrek hartuko du larunbat honetan. Ilargi parkean eginen da saioa, 18:30etik aitzinera. Berriozar eta Bera taldeak ari dira herri kirolen txapelketa honetan parte hartzen eta bi taldeak bi proba konbinatuetan lehiatuko dira.
Proba konbinatu bakoitzean ondoko lan hau egin beharko dute. Lehen proba konbinatuan, hiru txandatan, hasteko batek 15 txokor paratu eta taldekideak segidan bildu beharko ditu, ondotik, 40 kiloko zakuarekin bi kirolarik bi buelta eman beharko dizkiote plazari, korrikalari batek bortz itzuli eman beharko dizkio gero plazari 400 metro eginez, eta bukatzeko bi lagunek arpanarekin etzanda jarritako metroko enborrari lau korte eman beharko dizkiote.
Bigarren proba konbinatuetan hiru kirol modalitatetan ariko dira. Alde batetik, lasto botatzen ariko dira. 10 kiloko fardoa sarde baten laguntzarekin makil horizontal baten gainetik pasatu beharko dute. Horren ondotik, 40 kiloko txingekin sei plaza egin beharko dituzte eta 18 kiloko ingudearekin 50 jasoaldi egin.
Bi kasuetan, bi jardunaldietako puntuak batuko dira. Halere, lehen proba konbinatuan, azken jardunaldian berdinketa egonez gero, denborak hartuko dira kontuan eta bigarren proba konbinatuan, berdinketa baldin badago, berdinketa haustea proba bakarrean eginen da eta zozketa bidez aukeratuko da berdinketa zein probarekin hautsi.
Herriz Herri txapelketako lehenbiziko jardunaldia Beran jokatu zen uztailaren 29an. Orduan, lehen proba konbinatuan Berriozar nagusitu zitzaion Berako taldeari. Berriozarkoek 20:17:33ko denbora egin zuten eta beraz, bi puntu eskuratu zituzten eta Berakoek 20:55:73ko denbora eta puntu bakarra lortu zuten. Bigarren proba konbinatuan, aldiz, Berakoak nagusitu ziren eta bi puntu eskuratu zituzten; Berriozarkoek, aldiz, puntu bat.