Bertze urte batez, Artzain Eguna egin zen Legazpin irailaren 2an, eta egitarauaren barne, Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteko eskualdeko bi lagun omendu zituzten: Martin Irazoki lesakarra eta Santiago Mitxeltorena etxalartarra. Biak ere Ameriketan artzain ibilitakoak dira.
Martin Irazoki Elko Nevadara joan zen 26 urte zituela. Aitak debekatua omen zion harat joatea baina hala ere, harako bidea hartu zuen. Sei urteren buruan itzuli zen, berriz bueltatzeko intentzioarekin. Baina gaur egun bere emaztea den Maite Garmendia orduan ezagutu zuen eta ezkondu egin zen. Emaztearekin Ameriketara joaten saiatu zen, ezkon-bidaiaren aitzakian, baina emazteak ezetz erran zion, bere intentzioen beldur, eta hemen gelditu ziren.
Santiago Mitxeltorenak, berriz, Californiarako bidea hartu zuen 24 urterekin, bere bi anaien deiari erantzunez. Zortzi bat urtez egondu zen han. Gisa berean, gaueko eskoletan ere ibili omen zen, ingelesa ikasteko, egunerokoan erabili behar zituen tresnen izenak ikasteko... Berriz Ameriketarat joateko asmoz bueltatu zen etxera, baina familia eta gaur egun bere emaztea den Begoña Iparragirre tarteko, hemen gelditu zen. Lesakako lantegian jubilatu zen arte, Ameriketarat joateko asmoa buruan ibili omen zuen Mitxeltorenak. Irailaren 2an Legazpiko Artzain Egunaren barne, makila eta diploma jaso zituzten eta emazteek lore sorta bana.