Musikaz giro ederrean gozatu nahi izan zutenentzako, bertze urte batez, Arantzako Gazte Asanbladak Arantza Rock jaialdia antolatu zuen larunbatean. Azken boladan egin duen eguraldiaz atzenduta, eguraldi tristea egin zuen egunez larunbatean eta gauez xirimiria ere egin zuen. Baina jendeak ez zituen galdu nahi izan Arantzako kontzertuak eta plaza goraino bete zen.
Mendeku Itxua talde usulbildarra izan zen jaialdiari hasiera ematen lehena. Kontzertu ederra eskaini zuen plazan bildutakoen gozamenerako. Esne Beltzak lekukoa hartu aitzinetik, azken hilabeteetan saltzen aritu diren boletoen zozketa egin zuen Arantzako Gazte Asanbladak. Hiru saritik bakarra atera zen momentuan, bigarrena, Aisia Orio talasoterapian bi lagunentzako sarrerak. Goienetxe Anaiak taldeko kide bati tokatu zitzaion. Gainerako bi zenbaki sarituak ez dira atera eta hilabete bateko epea izanen dute agertzeko. 1.730 eta 1.129 dira oraindik atera gabeak diren zenbakiak eta sariak Euskal Herriko landetxe batean bi lagunentzako asteburua eta bi afari Arantzako Aterpen.
Behin zozketa eginda, Esne Beltzaren txanda etorri zen eta honekin ederki bete zen plaza, baita plaza inguruak ere. Ikuskizun ederra eskaini zuen taldeak eta jendearen erantzuna ere halakoa izan zen. Euskal presoen aldeko aldarriak ere izan ziren Arantza Rocken eta gose greban egondako Herrirako kideak Josu Uribetxebarria askatzeko zioen kartelarekin agertu ziren Esne Beltzaren emanaldian. Goienetxe Anaiak izan zen hurrengo talde gonbidatua eta honek xirimiri artean dantzan paratu zuen jendea. DJ Bullek Herriko Etxeko gorapean eskainitako saioarekin itxi zen aurtengo Arantza Rock jaialdia.