Berako Agerra auzoko bestak ortzegun ilunabarrean hasiko dira. 20:00etan helduen futbito txapelketaren finala jokatuko da eta ortziraletik igandera bitarte ekitaldi saila izanen dira.
Ortziralean, abuztuak 24, 16:30ean 16 urtetik beheitikoentzat futbito txapelketa jokatuko dute eta 18:00etan tortilla lehiaketa eginen da. 19:00etan, berriz, gazteen frontenis txapelketaren finala jokatuko da. Txapelketa eta lehiaketa hauen guztien ondotik, 20:00etan botako da ofizialki bestei hasiera emanen dien altxaferoa. Ondotik haur eta helduen danborrada izanen da eta 21:30ean auzoko afaria. Afalondoan, Deskode izanen da auzoko ostatuan.
Larunbat goizean, 09:30ean Berako VIII. 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko da eta ordu erdi beranduago platero tiroketa Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatuta. 12:00etan erraldoi eta buruhaundiak auzoan barna ibiliko dira Irats taldeko trikitilarien laguntzarekin. Ondotik, frontenis txapelketaren finala jokatuko da. Arratsaldean, 15:00 aldera, haurrentzako jokoak izanen dira eta 18:00etan XXXI. Luis Mª Apeztegiaren oroimenez, kros herrikoia hasiko da, Manttale lasterketa taldearen laguntzarekin antolatua. 20:30ean Gure Txokoa dantza taldeak saioa eskainiko du eta 00:00etatik aitzinera DJ Alkape ariko da.
Igandea, abuztuak 26, izanen da Agerrako bestetako azkeneko eguna. 12:00etan meza izanen da eta ondotik erraldoiak eta buruhaundiak txistulariekin. 14:30ean herri bazkariaren txanda izanen da eta 18:00etan Korri eta Xalto pailazoek emanaldia eskainiko dute. Ondotik txokolatada eginen da eta ilunabarrean Jalisko Band taldearekin dantzaldia izanen da. Atsedenaldian bingoa ere izanen da.