Dena prest dago larunbat honetan eginen den Arantza Rock jaialdirako

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 23a

Talde saila pasatu izan dira Arantza Rock jaialditik, tartean Zea Mays bera.

23:00etatik aitzinera, Mendeku Itxua, Esne Beltza, Goienetxe Anaiak eta DJ Bull-ek kontzertuak eskainiko dituzte

Musikaz giro ederrean gozatu nahi dutenentzako, bertze urte batez, Arantzako Gazte Asanbladak Arantza Rock jaialdia antolatu du. Mendeku Itxua, Esne Beltza, Goienetxe Anaiak eta DJ Bull, orden horretan izanen dira aurtengo talde gonbidatuak. Kontzertuak plazan izanen dira eta sarrera dohainik izanen da.

Musikaz giro ederrean gozatu nahi dutenentzako, bertze urte batez, Arantzako Gazte Asanbladak Arantza Rock jaialdia antolatu du. Larunbat honetan, abuztuak 25, izanen da eta Mendeku Itxua, Esne Beltza, Goienetxe Anaiak eta DJ Bull izanen dira aurtengo talde gonbidatuak. 23:00etan hasiko dira kontzertuak eta sarrera dohainik izanen da.

Zozketa

Azken hilabeteetan saltzen aritu diren errifen zozketa ere larunbatean eginen du Arantzako Gazte Asanbladak eta 21:00etan bokadillo jatea antolatu du plazan. Aurten lehenbiziko aldiz atera dituzte boletoak eta sari potoloak eskainiko dituzte: Euskal Herriko landetxe batean bi lagunentzako asteburua, Aisia Orio talasoterapian bi lagunentzako sarrerak eta bi afari Arantzako Aterpen. Zozketa larunbatean eginen bada ere, saridunek hilabete bateko epea izanen dute agertzeko. Zenbaki sarituak www.arantza.eu, Ttipi-Ttapa eta Xorroxinen jakinaraziko dira.

Arantza Rock jaialdiak 1995eko urtean ekin zion bere bideari eta urterik arrakastatsuenean 3.000 lagunetik goiti bildu izan dira Arantzan kontzertuetaz gozatzeko. Urte aunitz dira jaialdi hau antolatzen hasi zirenetik eta urte hauetan guztietan Euskal Herriko zein atzerriko talde saila igo da Arantzako eszenatoki gainera beraien doinuak zabaltzera. Ezagunenen artean daude Su ta Gar, Berri Txarrak, Latzen, Des-Kontrol, Vendetta, Zea Mays, Esne Beltza, Betagarri, E.H. Sukarra, Ze Esatek!, Koma, Dut, Soziedad Alkoholika, Kuraia, Etsaiak, Parasma, Txapel Punk, Narko...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun