Abuztuaren 15ean burutu zen Embrun hirian, Frantziako Alpeetan Embrunman probaren 29. edizioa. Europako zaharrenetekoa eta Munduko gogorrenetakotzat hartua duten Ironman honetan 1.022 kirolari abiatu ziren aurtengoan, tartean Alejo Sarobe eta Bixente Igartzabal lesakarrak. Sarobek ez zuen proba bukatzea lortu, baina Igartzabalek Top-25ean sartu zen, 24. zehazki.
Probaren buruan bi kataluniar sartu ziren. Joan den urtean ere txapeldun izan zen Marcel Zamora izan zen irabazlea eta bigarren, aurtengoan Lanzaroteko proban nagusitu den Victor del Corral. David Dellow australiarrak osatu zuen podiuma.
Azkeneko bortz urteetan bezala, Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobek ere parte hartu zuten aurtengoan bereziki gogorra izan den Embrunmanean, bero handia eta haize zakarra izan baitzuten. Horren erakusgarri, atera ziren 1.022 partehartzaileetatik 685 bakarrik helmugaratu zirela.
Erran bezala, Bixente Igartzabal 24. izan zen, denera 11 ordu, 36 minutu eta 28 segundu lanean aritu ondotik. Eta hori igeriketako zatitik 701. postuan atera zela, ordubete 17 minutu eta 13 segunduko denborarekin. Espero bezala, bere espezialidadea den bizikletan hobeki ibili zen, hamargarren izan zen zati horretan, 6 ordu, 21 minutu eta 52 segunduko denborareki eta oinezko lasterketa, maratoia, 3 ordu, 50 minutu eta 26 segundutan egin zuen, 44. denborarik onena. Azkenean, beraz, bigarren urtez segidan 25 onenen artean sartzea lortu du Igartzabalek, lehenbiziko euskalduna izan zen eta estatuko kirolarien artean hirugarren izan zen, bi lehenbizikoak izan ziren kataluniarren ondotik.
Alejo Sarobek ez zuen halako suertetik izan eta igeriketan ordubete, 23 minutu eta 20 segundu egin ondotik (796. postua), bizikletan 7 ordu, 59 minutu eta 58 segundu egin zituen (352. postua), baina proba utzi behar izan zuen bizikletan izan zituen arazo mekanikoen eta baldintza metereologiko gogorren eraginez.