Juan Carlos Pikabea margolari lesakarraren 30 lan ikusgai daude uztailaren 31tik abuztuaren 31ra bere etxean, Otsango auzoko Irisarri etxean. Arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara bisitatzen ahal da.
Azkeneko urteetan ohikoa den erakusketa honen ondotik, Gasteizko Vital Kutxaren Luis de Ajuria aretoan zintzilikatuko ditu bere koadroak, irailaren 26tik urriaren 14ra.
Aurten, gainera, lehen aldiz itsasoa zeharkatu eta Pikabearen margolan bat New Yorken erakutsiko du Chelseako Montserrat aretoan azaroaren 28tik abenduaren 12ra. Nonbait, joan den urtean Parisen egin zuen erakusketak ate hori zabaldu zion eta udazkenean bidaliko du bere margolana, Parisko Hors Champs galeriako Stelin-Overseasen bitartez. «Oraindik ez dut margotu, baina badut astia, seguruenik Hendaiako itsas labarreko irudiren bat margotuko dut», aipatu digu Pikabeak.
Bitxikeri moduan, bere margolana, “Frantziako gaur egungo eszena artistiko berria” erakusketaren barnean ikusiko da eta honek ere, ate berriak irekiko dizkionaren itxaropena dauka margolari lesakarrak.