Hondar besta eguna izan zuten abuztuaren 6a Beran. Astelehenean herri bazkariaren txanda izan zen. Aurtengoan berezia izan zen herri bazkaria, Herriko Etxeak ontziteri berabilgarria erabiltzeko deialdia egin baitzuen. Ikusi bideoa
“Hondakin onena, sortzen ez dena” lelopean, plater, edalontzi eta mahai tresneri berrerabilgarria banatu zen, lehenbiziko aldiz. Berako Udaleko Mendi eta Ingurumen Batzordearen ekimenez, Besta eta Kultura Batzordearekin elkarlanean, bestetan sortzen den zabor kopurua murriztea eta horren gainean kontzientziatzea bilatzen zuen ekimenak.
Hala, herri bazkarira agertzen zenak, kit oso bat jaso zuen sarreran: platera, edalontzia eta mahaiko tresneria. 5 euroko fiantza bat paratu behar zuen sarreran, eta kit osoa egoera onean itzultzen zuenak 5 euro horiek berreskuratu zituen, bazkariaren akaberan. Antolakuntzak, gainera, ez zuen onartu kanpotik ekarritako erabilera bakarreko plastikozko materiala. Denon ahaleginarekin zabor kopurua murriztu, eta ingurumenean eragina ttikitzea bilatzen zuen ekimenak. Ontziteria banatzen alkatea bera, zinegotziak eta laguntzaileak ikusi genituen eta orokorrean ekimenak harrera ona izan zuela aipatu ziguten.
Ohiko koadrillak, goiz-goizetik burduntzian erretzen paratuak zituen 13 bildotsak eta ordubiak aldera horiek mozten eta 200 bat lagunei eskaintzeko moduan prestatzen ari ziren. Incansables txarangak ere bere lana bete zuen bazkalaurrea, bazkaria eta bazkalondoa girotzen.
Arratsaldean azken ekitaldiak egin ziren. Besta guzietan jotasu aritu ziren Ezpelur gaiteroak San Jose zahar etxean jotzen zuten bitartean gaztetxoenek kukañan azken harat-honatak egin zituzten. Gauerdiko Gaztextebanen jautsiera baino lehen eta arratseko dantza herrikoien, zezensuzkoaren, dantzaldiaren aitzinetik, Bera kantari ekimenaren hirugarren ateraldia egin zen. Xugatik abiatuta, Errekalde eta Lixoian barna, Auzoan bukatu zuten kantu ibilaldia.