Azken txanpan sartuak dira Berako San Esteban bestak

TTIPI TTAPA 2012ko abuztuaren 6a

San Esteban eguneko arratsaldeneska eta mutilak aritu ziren dantzari. Utzitako argazkia

Herri bazkariarekin eta bertze hainbat ekitaldirekin bukatuko dira

Hondar besta eguna dute abuztuaren 6a Beran. Astelehenean herri bazkariaren txanda izanen da. Aurten berezia izanen da herri bazkaria, Herriko Etxeak ontziteri berrerabilgarria erabiltzeko deialdia egin baitu.

Hondar besta eguna dute abuztuaren 6a Beran. Astelehenean herri bazkariaren txanda izanen da. Aurten berezia izanen da herri bazkaria, Herriko Etxeak ontziteri berrerabilgarria erabiltzeko deialdia egin baitu.

Berako San Esteban bestak giro ederrean joan dira. Ortzeguneko txupinazoarekin eta Gure Txokoa dantza taldearen ohiko emanaldiarekin hasi ziren. Egun handian, goizean eta arratsaldean plazako dantzak izan ziren aipagarrienak. Asteburu jendetsuaren eta igandeko eurien ondotik, astelehenean San Esteban bestei agur errateko tenorea izanen da. Ikusi argazkiak

Aurten, herri bazkarian ontziteri berrerabilgarria erabiltzeko kanpaina egin du Herriko Etxeak. “Hondakin onena, sortzen ez dena” lelopean, plater, edalontzi eta mahai tresneri berrerabilgarria banatuko da, lehenbizikoz. Berako Udaleko Mendi eta Ingurumen Batzordearen ekimenez, Besta eta Kultura Batzordearekin elkarlanean, bestetan sortzen den zabor kopurua murriztea eta horren gainean kontzientziatzea bilatzen du ekimenak.

Hala, herri bazkarira agertzen denak, kit oso bat jasoko du sarreran: platera, edalontzia eta mahaiko tresneria. 5 euroko fiantza bat paratu beharko du sarreran, eta kit osoa egoera onean itzultzen duenak 5 euro horiek berreskuratuko ditu, bazkariaren akaberan. Antolakuntzak, gainera, ez du onartuko kanpotik ekarritako erabilera bakarreko plastikozko materiala. Denon ahaleginarekin zabor kopurua murriztu, eta ingurumenean eragina ttikitzea bilatzen du ekimenak.

Antolakuntzak, ahalegina eskatu nahi die parte hartzaileei, ohartarazi daitezen zenbat jenderen ahalegina dagoen besta egin ahal izateko, eta ongi pasatzeko ez dela beharrezkoa hainbertze hondakin sortzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun