Ttipi-Ttapa Fundazioa Lesakara lekualdatu da

TTIPI TTAPA 2012ko abu. 6a, 11:01

Lesakan, osasun zentroaren eta futbol zelaiaren ondoan du egoitza berria Ttipi-Ttapak.

Koskonta Bideko 7ko lehen solairuan dauka erredakzioa aldizkariak

Ttipi-Ttapa Fundazioak Lesakan dauka egoitza berria, Koskonta Bideko 7ko lehenbiziko solairuan. Bertan izanen da hemendik aitzinera Ttipi-ttapa hamabostekariaren eta webgunearen erredakzioa, baita Kulturkarirena ere.

Ttipi-Ttapa Fundazioak Lesakan dauka egoitza berria, Koskonta Bideko 7ko lehenbiziko solairuan. Bertan izanen da hemendik aitzinera Ttipi-ttapa hamabostekariaren eta webgunearen erredakzioa, baita Kulturkarirena ere.

1980an sortu zen Ttipi-Ttapa aldizkaria. Hiru hilabetetik edo egiten zen aldizkaria izaki, ez zuen langile eta egoitza finkorik. Hamar urte beranduago, 1990ean, hamabostekari bilakatu zen eta orduko langileek bere lehen bulegoa izan zuten Berako udaletxeko eskailerapean zegoen gela ttiki batean, Herriko Etxeak berak utzita. Orduan argazkiak errebelatzeko behar ziren gela ilunak, biltegiak eta komunak ere Berako Herriko Etxean barna hedatuak zeuden. Gero, garai batean Correosek eta gaur egun udal bulegoak hartzen dituen gela handiagoa utzi zion Ttipi-Ttapari Berako Herriko etxeak. Gainera, telebista sortu zenean, garai bateko kartzela ere utzi zion Ttipi-Ttapari. Baina preziski, udal bulegoak beheitiko solairuan egin zituztenez Beratik lekutu behar izan zuen Ttipi-Ttapak eta Etxalarko eskola zaharretan hartu zuen aterpe, Etxalarko udalak utzita. Bertan eman ditu azken zortzi urteak, baina orain, 32 urtez han-hemen utzitako lekuetan aritu ondotik, Lesakako Koskonta Bideko 7an bulegoa eskuratu eta bertan hasi da lanean Ttipi-Ttapa.

Beraz, gurekin posta arruntaren bidez edo zuzenean harremanean jartzeko horixe izanen da helbide berria: Ttipi-Ttapa; Koskonta Bidea, 7 – 1. ; 31770 LESAKA. Bertze gainerakoan, Etxalarren zuen telefonoa (948 635458) eta faxa (948 635457) mantentzen du, baita posta elektronikoko helbideak ere (info@ttipi.net edo ttipi-ttapa@ttipi.net).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun