Berako Abesbatzak kantatuz eta txupinazoa botaz hasiera eman die San Esteban bestei

TTIPI TTAPA 2012ko abuztuaren 2a

Erraldoien konpartsak bere ibilbidea osatu du. Aitor Arotzena

Fatima Gonzalez gaur egungo zuzendariak eta Begoña Rudi lehenbizikoak bota dituzte lehen suziriak

Aurten 25. urteurrena ospatzen ari den Berako abesbatzak ospakizun horiek borobildu egin ditu, herriko San Esteban bestetako txupinazoa botaz. Fatima Gonzalez gaur egungo zuzendariak eta Begoña Rudik, lehenbiziko zuzendariak bota dituzte lehen suziriak, bortz eguneko bestei hasiera emanez. Ikusi bideoa

Aurten 25. urteurrena ospatzen ari den Berako abesbatzak ospakizun horiek borobildu egin ditu, herriko San Esteban bestetako txupinazoa botaz. Fatima Gonzalez gaur egungo zuzendariak eta Begoña Rudik, lehenbiziko zuzendariak bota dituzte lehen suziriak, bortz eguneko bestei hasiera emanez. Ikusi bideoa

Suziria piztu aitzinetik, euskaraz eta gazteleraz herritarrak agurtu dituzte Fatima Gonzalezek eta Begoña Rudik, «Beratarrak, zahar eta gazteak, goza dezagun aurten guziak, bihotz-bihotzez bestak ongi pasatzea opa dizuegu guziei» erranez. Segidan, Abesbatzak, “Festara” kantuaren bertsio labur-laburra abestu eta piztu dute txupinazoa. Fatima Gonzalezek txupinazoa piztu baino lehenxeago aipatu zigunez, «Bukaera bikaina eman diogu honekin gure 25. urteurreneko ospakizunei. Orain arte ekintza ezberdinak izan ditugu, baina honekin bukatzen dugu. Emozio izugarria da eta urduri nago. Herriko bestak ttikitatik bereziak izan dira neretzat eta aurten oraindik bereziagoak, ohore handia da guretzat eta ilusioz nago». 25. urteurreneko ospakizunen hagitz balantze positiboa egin du «izugarrizko lana izan dugu, batez ere urtarriletik aitzinera, baina bai zuzendaritza, baita abeslariak ere, hagitz kontent gelditu gara. Cden salmenta hagitz ongi, kontzertu egunean aurkeztu genuenean aunitz saldu ziren, baina geroztik herritarren erantzuna hagitz ona izan da». Hagitz urduri ageri zen Begoña Rudi txupinazoaren aitzinetik. «Eskertzekoa da Herriko Etxea guretaz oroitzea –zioen–. Hasieran, enteratu ginenean ilusio handia egin zigun eta momentu honetan, urduritasun izugarria. Ezin da hitzez adierazi sentitzen dudana, poza bai, baina nerbioak ere aunitz». Duela 25 urteetan abesbatzako sortzaile izan zen Begoña eta geroztik «denak ikasten joan gara» iritzi dio. «Gauza aunitz aldatu da, abeslariek ez zekiten musika irakurtzen, baina gaur egun errazago ikasten dituzte kantak. Abesbatza finkatua dago, bada jendea abesbatza sortuz geroztik hor dagoena eta pixkanaka jende berria sartzen ari da». Bera izan zen lehenbiziko zuzendaria baina ez du inoiz bere burua abesbatzako zuzendaritzat hartu, «musika irakaslea, berez piano irakaslea» baizik. «Bi kontzertu eman dituzte 25. urteurrenean, eskurtsio berezi bat ere egin genuen, baina honekin bukaera bikaina ematen diogu ospakizunei», zioen Rudik.

Fatima eta Begoñaren ondotik, abesbatzako zuzendaritza batzordeko kideek piztu zituzten suziriak: Jose Mari Telletxea presidenteak, Espe Zelaieta idazkariak, Lourdes Astondoa diruzainak, Maria Barredo, Eva Portu, Jesus Goikoetxea eta Gerardo Solanok eta gero abeslari guziek ongi antolatuak, ahotsen arabera.

Abesbatzako kideek elkarrekin ospatzekoa zuten San Esteban bezpera eta txarangarekin batera ibili ziren kalejiran. Gainera, aurten ehun urte bete dituen Euskalduna jatetxean ere “Zorionak” kantatu zieten Fernando Elgorriaga eta Maria Consuelo Tombo, gaur egungo nagusiei. Bertze ostatuetan ere eskaini zituzten emanalditxoak, gero elkarrekin bazkaltzeko. Halere, Jose Mari Telletxea presidenteak aipatu zuenez, gero txintxo-txintxo etxera joatekoak ziren, San Esteban eguneko mezan kantatzekoak baitziren.

 

Arazorik gabe

Joan den urteko txupinazoan izandako gorabeheren ondotik, aurten ere kezka somatzen zen Herriko Etxean. Gainera, UPNko zinegotzi bakarrak, Juan Losak, Espainiako bandera jartzeko asmoa agertua zuen, baina gaur egungo eta lehengo udal kideek konbentzitu dute nonbait. «Ez nuen besta hasiera zapuztu nahi, baina nahiko nuke herrian dauden pintadak eta ETAren aldeko mezuak ezabatzea. Aldi berean, NaBairi eskatzen diot Sinboloen Legeak dioena betetzea eta Estatuko abokatuaren aginduari segituz, Espainiako bandera ezartzea», zioen UPNko hautetsiak. Halere, erran bezala, ez zen aparteko arazorik izan, nahiz eta plazatik, urez betetako globo batzuk ailegatu diren Losa zegoen balkoiraino. Herriko Etxeko balkoietan, herriko ikurra, Nafarroakoa eta ikurriña ageri ziren, ez ordea presoen aldeko mezurik eta zapirik, joan den urteko gorabeherak sortu zituztenak. Horren ordez, Bilduko zinegotziak eta plazako bertze hainbat lagun Herrira ekimenaren kamixeta urdinak jantziak zituzten.

Bien bitartean, elizako ezkilak jotzen zuten bitartean, plazan besta giroa nagusi zen, txanpaina eta goxokiak barra-barra zebiltzan. Erraldoi eta buruhandiek ere bere ibilbideari ekin zioten, Ezpelur gaiteroen eta Incansables txarangaren laguntzarekin.

Arratsaldean 17:00etan Ezpelur Gaiteroek San Jose zahar etxean joko dute. 18:00etan Kukaña Illekuetan, Incansables Txarangak alaiturik. 19:00etan Gaztexteban igoera. Aurreskuak, bertsoak eta txalaparta. 20:00etan Gure Txokoa Dantza Taldearen jaialdia Eztegara pilotalekuan. 23:00etan Dantzaldia Patxi Perez eta konpainia Altzateko plazan. Ondotik Platano dantza. Egun osoan, Incansables txaranga ariko da karrikaz karrika.

 

Abuztuak 3 ortzirala

San Esteban Eguna 09:30ean Herriko txistulariek argisoinua joko dute; Ezpelur gaiteroek herrian barna joko dute. 10:30ean Udalbatza, txistulariak, makil dantzariak eta Berako bandera aitzinean dutela, Herri­ko Etxetik San Esteban elizara abiatuko dira, Esteban Donearen ohoretan eta Berako abesbatzak lagundurik emanen den Meza Nagusia aditzera. Meza ondotik, Gure Txokoa Dantza Taldeko kideek Berako Makil dantzak eta Bordon dantza dantzatuko dute txistularien laguntzaz. Gero, Amets Arzallus eta Sustrai Colina ber­tsolariek kantatuko dute. 17:00etan Incansables Txarangak San Jose zahar etxean joko du. 18:00etan Gure Txokoa Dantza Taldeak Berako Aurres­kua dantzatuko du Herriko Etxeko plazan txistularien laguntzaz. Gero, Berako Bandaren kontzertua Herriko Etxeko plazan. 19:30ean Ai Ene! taldearekin dantzaldia Altzateko plazan. 21:00etan Dantza herrikoiak Altzateko karrikan (fandangoa, arin-arina, Larrain dantza,…) gaiteroen laguntzarekin. 00:00etan Su artifizialak Matzada futbol zelaitik. Pirotecnia Zaragozana-ren eskutik. 00:00etan Ai Ene! taldearekin dantzaldia Altzateko plazan. Atsedenaldian makil dantza. Egun osoan Incansables Txaranga ariko da.

 

Abuztuak 4 larunbata

09:00etan Musika Eskolako trikitilariak Dornakun ibiliko dira, eta Ezpelur gaiteroak Zalain auzoan. 10:30ean Plater tiroa, ehiza ibilaldia modalitatean. Beratarrentzat. Antolatzailea: Berako Ehiza eta Arrantza Elkartea. 11:30ean igerilekuan haur eta gazteentzat XXV. Igeriketa Txapelketa, Gure Txokoak antolatua. 13:00etan Kukaña Illekuetan. 14:00etan Gaztetxe Bazkaria Kaxerna Gaztetxean (Sarrerak Kataku eta Errekalden 10 eurotan). 16:00etan Txikiteo herrikoia Errekaldetik hasita. 18:00etan Pilotari profesionalen arteko partidak Eztegara pilotalekuan. Aspeko punta-puntako pilotariak ariko dira. Lehen partidan, Aritz Lasa eta Zabaleta, Ezkurdia eta Pascualen kontra eta bigarrenean, Titin III eta Merino II, Gonzalez eta Barriolaren kontra. Sarrera: 25 euro. Salgai Puri-enean eta Zalain jatetxean. 18:00etan Labiaga Ikastolako haurren dantza ikuskizuna Ricardo Baroja eskolako pilotalekuan. Ondotik, haurrentzako ikuskizuna: Irrien lagunak kantan eta dantzan. 20:00etan Elkartasun kalejira Mukixu zubitik Altzateko plazara. Antolatzailea: Berako Herrira!. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur Gaiteroekin Altzateko karrikan. 00:00etan Kontzertua Deskode eta Matxura taldeekin Altzateko plazan. Atsedenaldian enzerrioa. Egun osoan Incansables txaranga ariko da.

 

Abuztuak 5 igandea

09:00etan Musika Eskolako trikitilariak Suspelan ariko dira, eta Ezpelur gaiteroak Kaule auzoan. 12:30ean Erraldoiak eta buruhandiak Ezpelur gaiteroen laguntzarekin ibiliko dira Agerran. 13:00etan Kukaña, Illekuetan. 14:00etan Kantu bazkaria Altzateko pilotalekuan. Antolatzailea: Labiaga Ikastola. Sarrera: Helduak: 15 euro. Haurrak: 10 euro. Salgai uztailaren 29ra arte Auzoa, Kataku, Xuga eta Botxo Ostatuetan, Puri-enea, Labezar eta Agerrako Telletxea dendan. 17:00etan Haurrentzako jokoak Kiroldegi aitzinean. 17:30ean Kuxkuxtu taldeak San Jose zahar etxean joko du. 18:00etan Kukaña, Illekuetan. 18:00etan haurrentzako eskalada Herriko Etxeko plazan. 19:30ean Tecalitlan mariatxiak Herriko Etxeko Plazan. 21:00etan dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Altzaten. Ondotik zezensuzkoa aterako da. 00:00etan dantzaldiak.

Egun honetan, X-PYR proba ailegatuko da Larunera. 20 taldek parte hartuko dute parapenteen lasterketa honetan eta Pirinioak zeharkatzen saiatuko dira, Hondarribitik Port de la Selvara; 438 km. Lasterketak nahitaezko pasabide puntu batzuk (balizak) izanen ditu eta horietako lehena Larunen dago. Egun horretan hasten dira lasterketa Hondarribitik (irteera: 10:00) eta 5 orduren buruan aurreikusia dago Larunera ailegatzea. Argibide gehiago: www.x-pyr.com)

 

Abuztuak 6 astelehena

09:00etan Musika Eskolako trikitilariak eta Ezpelur gaiteroak Garaitarreta eta Suspel-ttiki auzoetan ibiliko dira. 10:30ean Herriko pilotarien pilota partidak. Benjaminak, alebinak, infantilak eta helduak, Gure Txokoa elkarteak antolatua. 12:00etan Erraldoi eta Buru­handiak Altzatetik Herriko Etxera, Incansables txarangak lagunduta. Agurra Erraldoi eta buruhaundiei Herriko Etxeko Plazan. 14:30ean Herri Bazkaria eskolako frontoian (Sarrerak salgai Errekalde eta Xuga Os­tatuetan uztailaren 31 arte. Prezioa: 15 euro. Platera, edalontzia eta mahai tresneria eskuratzeko: 5 euro. Material hori itzultzean berreskuratuko da dirua.) 17:00etan Ezpelur gaiteroek San Jose zahar etxean joko dute. 18:00etan Kukaña, Illekuetan. 18:30ean Katiuska jaurtiketa kukañan. 19:00etan Bera kantari. Xuga-Errekalde-Lixoia-Auzoa. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur Gaiteroekin Altzateko karrikan. Ondotik zezensuzkoa aterako da Altzateko karrikan. 23:00etan Dantzaldia Laiotz taldearekin Altzateko plazan. 00:00etan Gaztexteban Jau­tsiera (Gizajoa Ni). Egun osoan Incansableas txaranga.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun