Xabi Telletxea zenaren omenez Biltoki elkarteak bigarren aldiz antolatutako BTT jautsiera proba egin zen uztailaren 14an, Euskadiko Openerako puntuagarria. Gaztetasuna nagusi izan zela erraten ahal da, hiru denborarik onenak 23 urtez beheitiko kategoriako txirrindulariek egin baitzituzten. 59 txirrindulari lehiatu ziren. Iaz bezala, Iraitz Etxebarria bizkaitarra nagusitu zen. Bi txandatan denborarik onena egin zuen. Martxel Oronoz izan zen bigarren eta Eric Portillo hirugarren. Elite mailan, Jose Antonio Diez Arriola izan zen onena, Fernando Olañeta bigarren eta Gotzon Luzar hirugarren. Junior kategorian, David Lampre Oliveirak egin zuen denborarik onena, Lander Urtxegi izan zen bigarren eta Aitor Cortesek osatu zuen podiuma. Kadeteetan, Daniel Olarra izan zen onena eta sailkapen orokorrean ere onenen artean sartu zen. Guillermo Brun izan zen bigarren eta Xabier Urdanpilleta hirugarren. Master-30 kategorian, Mikel Iñorbek lortu zuen garaipena, Ivan Blanco eta Iñaki Esarteren aitzinetik. Master-40 mailan, Jose Manuel Prado nagusitu zitzaion Xabin Beobideri. Bi emakumezkok ere parte hartu zuten. Laia Barberok egin zuen denborarik onena, Miren Benitoren aitzinetik.